Kote Cabezudoren eta bera babesten zuen sarearen biktimen testigantzak oinarri dituen En el nombre de ellas ["Beraien izenean"] dokumentalaren emisio eskubideak erosi zituen Disney+ plataformak. Emisioa iragarrita bazegoen ere, ez emateko erabakia hartu du plataformak. Dokumentalean lekukotasuna ematen duten emakumeek oharra plazaratu dute, gertatutakoa urratsez urrats azalduz, zergatiak aletuz eta beren haserrea eta aurrera egiteko determinazioa agertuz. Oharra osorik argitaratzea erabaki dugu.
En el nombre de ellas dokumentalean parte hartu dugun biktimen oharra, Disney+-ek ez emititzeko hartu duen erabakiaren harira
Komunikatu hau adostua izan da, eta Kote Cabezudoren biktima diren zortzi emakumek sinatu dute, En el nombre de ellas dokumentalean parte hartu dutenek, zeinaren emisio eskubidea Disney+ España plataformak hartu duen, azkenean ez emateko.
Dokumental batean lehenik Kote Cabezudoren eskutik eta gero Ana Isabel Pérez Asenjo magistratuak ordezkatutako Justiziaren eskutik sufritu genuena kontatzeko erabakia prozesu izugarri traumatikoa izan da, eta gutako gehienoi terapia eta tratamendu psikologikoa ekarri digu, ekarri digun birbiktimizazio basatiarengatik. Hala eta guztiz ere, eta etorkizunean izan ditzakegun ondorioak gorabehera, hori egitea erabaki genuen, geure buruaz haratago doan erantzukizuna dugula ulertuta: egia ezagutu dadila; Kote Cabezudoren biktima izan diren beste emakume horiei guztiei ahotsa jartzea, beraientzat inoiz ez baita beste justiziarik izango gu ikustea eta entzutea baizik; kontsolatuta sentitzea, ezin izan zutelako edo ez zutelako jakin nola salatu; eta haiek zein guk pairatu genuena ez dadila berriro errepikatu.
Prozesu honi ez genion inoiz aurre egingo gure abokatu Mario Díezen babes moral eta lan juridiko ikaragarri, miresgarri eta titanikoa gabe, zeinak eremu judizialean jarri zizkioten oztopo guztiei aurre egin baitzien. Eta Melchor Mirallesena, kasua ikertzeko eta salatzeko betebeharra bete zuen kazetari bakarra, diru publikoz ureztatutako gainerako hedabideek Kote Cabezudoren babes-egiturarekin isiltasun nahitakoa eta konplizea praktikatu zuten bitartean. Biek onartu eta ordaindu zituzten beren eginbeharra betetzearen ondorio latzak.
Bien eskutik Sr Mono ekoiztetxea iritsi zen, Iñigo Pérez Tabernerok ordezkatua. Konfiantza osoa eman genuen, Kote Cabezudoren haur-pornografiaren eta sexu-abusuen istorio iluna argitara emango zuen dokumental bat egiteko. Eta bere lagun boteretsuen inguru osoarena, Cabezudoren jarduera kriminala ezagutu, ahalbidetu edo kontsumitu zuena.
Hiru konpromiso baino ez genituen ezarri horretarako:
1: Mario Díez gure abokatuaren bitartez, dokumentalaren produkzioan emandako pauso bakoitzaren berri ematea. Eta ikuspen osoa eta gure onespena nahitaezkoa izatea, dokuserieko kapitulu guztiak sortu eta amaitu ondoren.
2. Egia osoa konta zedila, jasan ditugun 9 urteko instrukzioan epaitegietan agerian geratu den errealitate larriaz ezer zentsuratu gabe. Gure abokatuaz gain Melchor Miralles kazetariak, gure bitartez, bere osotasunean ezagutzen duten errealitatea.
3: Dokumentala bai ala bai ematea. Inork ez dezala erabaki ez ematea, gu dokumentala egiteko prozesu izugarri mingarritik igaro ondoren.
1 eta 2 konpromisoak berehala hartu zituen bere gain Sr Mono ekoiztetxeak. 2021eko abenduaren 1ean, duela urtebete baino gehiago, Disney+ plataformak En el nombre de ellas dokumentala erosi zuela argitaratu zen prentsan, berau emateko. Disneyren moduko multinazional handi batek 3. konpromisoa onartu zuenean –horrela sinetsi genuen–, eta guk hutsera salto genuen erabat, geurea betetzeko: lotsa, mina eta beldur erraldoiari aurre eginez, guk pasatu dugunetik pasatu ez den inork ezin duena imajinatu ere egin.
Bada, 2021eko abenduaren 1etik gaur arte denbora errealean jakiten joan gara:
- Disney+ek dokumentalaren kapitulu bakoitzaren aurregidoi guztiak ikusi eta onartu zituela.
- Disney+ek atal bakoitzaren amaierako muntaia guztiak ikusi eta onartu zituela, egokitzat jo zituen ñabardurak sartu ondoren.
- Disney+ek trailer bat egin zuela eta dokumentalaren estreinaldia 2022ko azaroaren 23rako iragarri zuela.
- Disney+ek, estreinaldia baino bi aste lehenago, kazetari eta influencer talde handi bati bidali ziola dokumental osoa.
- Disney+ek Sr Mono ekoiztetxearen eskutik irizpen juridiko bat lortu zuela, ziurtatzen dituena dokumentalaren neutraltasuna eta demanda bidezko legezko ekintzen objektu izateko ia aukerarik eza.
- Disney+ek sinatuta zeukala, demanda baten kasu gertagaitzerako, erantzukizun guztia Sr Mono ekoiztetxeak izango zuela.
- Disney+ enpresaren lasaitasunerako, arrisku horren aurrean, Sr Monok erantzukizun zibileko aseguru bat eratu zuen, dokumentala eman ondoren inork bide judizialetik lortu nahi izan zezakeen edozein kalte-ordain baino 100 aldiz diru kopuru handiagokoa.
- Azkenik, Disney+ek, inolako azalpen publiko koherenterik eman gabe, eta Kote Cabezudoren biktimongana jo gabe, dokumentala ez ematea erabaki zuela.
Horren guztiaren aurrean, En el nombre de ellas dokumentalaren protagonista garen Kote Cabezudoren biktimok, honako hau adierazi nahi dugu:
A. Erabat traizionatuta sentitzen gara Disney+ España plataformagatik eta dokumentala ez emititzeko ardura duten Simon Amselem eta Vincent Sourdeaurengatik buru nagusiengatik. Gure minarekin, gure duintasunarekin eta gure konfiantzarekin jolastu dira modu zital eta jasanezinean.
B. Disney+ Españak iritzi publikoari azalpen gutxieneko sinesgarri eta koherente bat jakinarazten ez dion bitartean, azalduz zergatik ez duen eman jada iragarritako dokumental bat, estreinaldi data zuena eta oso-osorik kazetariei eta influencer-ei bidali ziena; Kote Cabezudoren biktimok erabat sinetsita jarraituko dugu pentsatzen Disney+en atzera egitearen zergatia Kote Cabezudoren jarduera kriminal miserableak hiru hamarkada baino gehiagoz babestu zituen botere bera dela.
D. Sakonki atsekabetzen gaitu Disneyk markak, duen esanahiarekin, haurtzaroarekin hain lotuta dagoen irudi zehatza saltzen duenak, haur-pornografiaren eta sexu-abusuen biktima izan ginen neskatoei bizkarra ematea erabaki izana. Hainbeste urtetan beste aldera begiratzea erabaki zuten guztien alde lerratuz: bortxatzaile eta haur-pornografoaren konplize isilak, eta omisioagatik estaltzaileak.
E. Gure historia ezagutuko dela bai ala bai. Ez gara jada Kote Cabezudok manipulatu eta hautsi ahal izan zituen neskato eta nerabeak. Eta Disneyren afera gurekin jolasten den azken aldia ordezkatzen duela. Dokumentala ikusi nahi duen orok ikusteko moduan egongo da oso-oso azkar. Eta bi gizonen gaiztakeriaren edo koldarkeriaren gainetik, Simon Amselem eta Vincent Sourdeau (haiek bakarrik jakin dezakete koldarrak baino gaiztoagoak izan diren, ala gaiztoak baino koldarragoak), emakume talde honen ausardia eta duintasuna gailenduko dira, jada inori ez ezeri ez baitiogu beldurrik.