argia.eus
INPRIMATU
Gure hiriari: ez gaitzatela berriz ere kalean utzi

Gasteizko hainbat etxegabe 2020ko ekainaren 24a

Lehenik eta behin, gure aintzatespen osoa Gurutze Gorriko boluntarioen eta gizarte-langileen lanari: zuen pazientzia amaigabea, etengabeko irribarrea, eman diguzuen babesa eta maitasuna ez ditugu ahaztuko. Esker mila, bihotz-bihotzez.

Hiru hilabete, hiru hilabete dira jada Gasteizko 'etxegabeetako' ehuneko handi bat konfinatuta gaudela 'pandemia koronabirikoaren’ ondorioz. Lehenik, Pio Barojaren 'kiroldegi' lotsagarri hartan (besteak beste, 26 lagunentzako komun bakarra), eta, ondoren, duela 70 egun baino gehiago, Lakuako frontoian ukuiluratu gintuzten. Ukuiluratu, bai: ganadua neguan bezala.

"Pandemiaren aurretik behar genuen berdina baino ez dugu behar: ondo artatuak izatea gure gizarte-zerbitzuetan; bizitoki bat (...) lan-aukerak; etengabe pilulen eraginpean izango ez gaituen psikiatria..."

Pabiloi batean bilduta, kafea eta sei gaileta gosaltzen, purea eta arraina bazkaltzen eta arraina eta purea afaltzen... salbuespenak salbu, egon badaudenak... salbuespen gisa. Beno, eta oilaskoa eta indioilarra, eta indioilarra eta oilaskoa, heltzen denean. Ehun egun dagoeneko horrela, elkarrekin ez: pilatuta. 'Kanpaina-oheetan' lo eginez, suteen edo uholdeen moduko larrialdietan behin-behinean erabiltzeko pentsatuak, hau da, gehienez 5-6 egun igarotzeko. Bata bestearengandik metro eta erdira doi-doi, inongo intimitaterik gabe (bionbo bereizgarri bat, horma funtzioa egin lezakeen panel bat). Nor bere gauzak uzteko lekurik gabe (orain behintzat txarteldegiak ditugu).

Ehun egun daramatzagu horrela, beren gau madarikatuekin: ezinezkoa da lauzpabost ordu baino gehiago jarraian lo egitea, gauerdian amesgaiztoengatik garrasi egiten dutenengatik, zurrungengatik, mugikor nazkanteengatik, aire girotuaren (?) harrabotsa jasangaitzagatik.

Hiru hilabete luze, nor gure aitarena eta amarena. Nazionalitate desberdinak, arazo psikiatrikoak, alkoholarekiko edota beste toxiko batzuekiko mendekotasunak, deserrotuak, langabetuak eta lan-sistematik baztertutako adinekoak... hiru hilabete baino gehiagoz, ehun egun luzez...

Umiliatuak. Duela hiru aste arte, tabakoa edo freskagarri bat erostera atera nahi bagenuen, ahal izanez gero "taldean" egin behar genuen, eta beti Gurutze Gorriko boluntario baten "laguntzarekin", beren txaleko gorri ikusgarri eta deigarriarekin. "Aisialdirako" guneak mugatu zizkiguten –mahairik gabeko barne-lorategi bat, euria egiten duenean egon edo erre ahal izateko aterperik gabea–, "bizilagunak kexu” baitira, zer eta leihoetatik ikusten gaituztelako. "Lepradun", deitu digute... Horrela, hiru hilabete baino gehiago.

Eta, hala ere, jasan egin dugu. Hori guztia, Yolanda gure lagunaren heriotza (zergati 'naturalak', bai, baina hau ez bada inorentzat lekua, are gutxiago bere osasun eta psikologia arazoak dituen pertsona batentzat. Nolanahi ere, samina izugarria izan zen). Kideen (?) erasoak kudeatu behar izan ditugu, droga beharrean edo horien eraginpean zeudenak, edo buruko nahasmenduekin eta eroaldiekin. Dena bideratzeko gai izan gara. Eta, hemen giltzapetuta gauden pertsonen aniztasun eta kopurua (50 arte) aintzat hartuta, harrigarria da zeinen istilu gutxi izan dugun. Erakutsi dugu, beraz, bizikidetza baketsua eraman dezakegula, badakigula. Ez garela piztiak, badakigula formak gordetzen eta arauak betetzen, gehiegizkoak izanik ere.

"Irteerako laukitxoan berriz ez kokatzea besterik ez dugu eskatzen, hiru hilabeteren ostean: kalera, miseria ekonomikora, mespretxura eta ahanzturara ez itzultzea. Ez gaitzatela berriz ere botata utzi"

Tira, ez litzateke hain konplikatua izango gure jendarte honetan 'birgizarteratzea'... pandemiaren aurretik behar genuen berdina baino ez dugu behar: ondo artatuak izatea gure gizarte-zerbitzuetan; bizitoki bat nagusiki, eta behar dugunontzako laguntza edo jarraipen bat; gure ohitura txarren aurkako tratamenduak – bizitoki horren truke –; lan-aukerak; etengabe pilulen eraginpean izango ez gaituen psikiatria...

Baina amesgaizto hau amaitzen ari den honetan, izugarri larritzen gaitu gure etorkizunak. Hainbat promesaren ondoren ("pertsona guztiak birkokatuko ditugu", "gizarteratzeko plan espezifikoak egongo dira"), egiazki, eta Gasteizko Udaleko gizarte-zerbitzuetako arduradun gorenen gezurrak gorabehera, pandemiaren aurreko dinamika berarekin jarraitzen dute: ez digute entzuten, ez dira hona hurbiltzen, eta egiten duten aldi gutxietan (3 aldiz, ordu bat aldiro), luzamendutan ibiltzeko da.

Konturatzen al dira gizarte-zerbitzu horiek gure arazoen jarraipen pertsonalizatua egiteko hiru hilabete baino gehiagoan izan duten aukera paregabeaz? Erabiltzaile gehienak izan gaituzte toki berean bilduta. Zergatik ez dira etorri gu ikustera, gure bizitza zertan den galdetzera, gure egoerari zer irtenbide planteatu dakiokeen pertsona bakoitzarekin pentsatzera? Nora joango gara hemendik irtetean? Aterpera, Etxe Irekira, ataripera, kutxazain automatiko hartara berriro ere?

Guk uste dugu bizi izan dugun krisi larria beste egoera larri bat konpontzeko aprobetxa daitekeela, hau egunerokoa: gizarteari berriz lotzeko aukera bat ematea gutxienez, askotariko egoerek bultzatu gintuzten zulotik ateratzeko. Zerbait positiboa ateratzea guretzat eta hiriarentzat.

Irteerako laukitxoan berriz ez kokatzea besterik ez dugu eskatzen, hiru hilabeteren ostean: kalera, miseria ekonomikora, mespretxura eta ahanzturara ez itzultzea. Zinez uste dugu hori irabazi dugula hiru hilabeteren ondoren, ehun egun baino gehiagoren ondoren. Ez gaitzatela berriz ere botata utzi.

 

Sinatzaileak une honetan (23):

Sandra Bello Pérez, 1 esku-ohea (72090352-A)

María de Belén de Castro, 2 esku-ohea 15990817-K)

Doris Casas Frías, 5 esku-ohea

Mónica Navarro, 8 esku-ohea

Hamady Savaye, 49 esku-ohea

Luis Álvarez López, 33 esku-ohea (16258404-A)

Gibbriel Ghadou, 42 esku-ohea

Ángel Ransó, 112 esku-ohea

Adriana Ruíz de Arcaute García, 4 esku-ohea

Miguel Angel Rivera Bustamante, 28 esku-ohea (72735364-A)

Cristian Rodríguez Pérez, 10 esku-ohea (72842201-M)

Antonio Rabanal López, 16 esku-ohea (44604549-B)

Félix Manzanos, 3 esku-ohea (16224325-F)

Tomás, 11 esku-ohea (22742508-Q)

Jesús María Criado Macazaga, 18 esku-ohea

Juan Mena Varela, 26 esku-ohea (33240555)

Manuel Cantero Bustamante, 37 esku-ohea (78932742-P)

Jesús S.M., 3 esku-ohea (16285489-V)

Eduardo Garcilavega San Vicente, 34 esku-ohea

Said Loono, 25 esku-ohea

José Manuel, 9 esku-ohea (23744449)

19 esku-ohea

17 esku-ohea