Bosgarren pertsona atxilotu dute Ortzaizeko polizia operazioan: Graxi Etxebehere. Ustezko bi etakideei laguntza eman diela adierazi du.
Asteartean Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea ETAko ustezko bi kideak atxilotu zituzten, baita hauek zeuden etxebizitzaren jabe Terexa Lekunberri eta Jeff Mateo ere. Laurak Baionako polizia etxera eraman dituzte asteazkenean.
Ostegun goizean berriz, Graxi Etxebehereren etxea hartu du poliziak Ortzaizen. Eraikina miatzera joan direnean ez dute bertan aurkitu Etxebehere, baina tarte baten ondoren agertu da ezker abertzaleko militantea. Ordu bete beranduago atxilo eraman dute.
Etxera hurbildu aurretik, Euskal Irratiak sarean elkarrizketa egin du Etxebeherek. Bertan adierazi du ustezko ETAko bi kideei aterpea eta laguntza eman diela, eta ez duela “dolurik” horregatik. Bake prozesuan gaudela gogorarazi du, eta Parisko Konferentziari ere aipamena egin dio: “Nik desarmatu nahi duen talde bat lagundu dut. Euskal Herriko arazoa konpontzeko, desarmetik eta elkarrizketatik pasa beharko gara”.
Atxilotutako Lekunberri eta Mateorentzat elkartasun hitzak izan ditu Etxebeherek. Hunkituta, adierazi du bera sanferminetan izan bitartean “bi mutilak jaso zituztela” bere lagunek. Biak ere laister libre uztea espero duela azpimarratu du.
Lasai azaldu da Etxebehere, eta esperientzia honetatik “biziki indartua eta aberastua” atera dela esan du: “Gure herriaren historiara ene harri ttipia ekarri dut”.