argia.eus
INPRIMATU
Gure herriaren historia euskaraz eta jolasean ezagutzeko: DenboraZup!
  • DenboraZup! euskarazko jolasen eskaintza handitzera dator. Mahai jolasen zale den lagun kuadrilla batek sortu du, euskarazko jolasen eskasiak eta gure herriaren historiaren ezagutza faltak bultzaturik.

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko martxoaren 03a
Maialen Begiristain, karta jolasa eskuan. Argazkia: ARGIA.

“DenboraZup! gure herriaren historia era dibertigarrian eta euskaraz ezagutzeko karta jolasa da”, azaldu digu Maialen Begiristain Gradok. Jolasa sortu duen taldeko kidea da: “Gasteizen batzen garen lagun taldea gara, eta jolasetarako zaletasun handia dugu: rol jolasak, mahai jolasak...”. Jolasen munduan sentitzen zituzten gabezietatik sortu zen DenboraZup! egiteko ideia: “Ikusten genuen mahai jolasen eremuan euskarazko eskaintza txikia dela, eskaintza hori zabaldu nahi genuen”. Euskal Herriko historia da jolasaren bigarren ardatza: “Gure artean historialari bat dugu, eta iruditzen zitzaigun gure herriaren historia ez dugula aski ezagutzen”. Edonola ere, jolasa den heinean, “ondo pasatzea da xedea”.

Karta jolasa da DenboraZup! 110 karta ditu, bakoitza gertaera historiko bati dagokio, eta jokalariek denbora lerroan aurrerago edo atzerago kokatu behar dute bakoitza. Hasiera batean 11 urtetik aurrera aritzeko jolas bezala saldu dute, baina gero ohartu dira ume txikiagoak ere dibertitzen ahal direla, bestelako erabilera batzuk asmatuta: “Esaterako, zenbakiekin jolastuz”. Begiristainek dio gozatu eta sufritu, biak egin dituztela jolasa sortzen: “Oztopo askorekin aurkitu gara ezagutzen ez genuen eremua zelako. Edizioa, banaketa, marrazkigintza, bideogintza, testugintza... Baina bidea atsegina ere egin zaigu”.

Harrera ona

Bere txikitasunean, sortzaileak pozik daude jolasak izan duen harrerarekin. Durangoko Azokan jarri zuten lehendabizikoz salmentan. Ondoren Euskal Herri osoko dendetara zabaltzea lortu dute, eta web orria egin dute online saltzeko eta argibide gehiago emateko. Lan hori guztia errazteko enpresa txiki bat sortu dute Begiristainek eta lagunek, baina ez dute etekin asmorik: “Momentuz gastatutako dirua berreskuratzea da helburua. Irabaziak baditugu, diru hori jolas berriak egitera bideratuko dugu”. Badute bigarren jolas bat kaskoan dantzan, musika ardatz. Baina momentuz, DenboraZup! ahalik eta gehien mugitzea dute lehentasun.