argia.eus
INPRIMATU
Gure haurrek ez daukate gaixotzeko eskubiderik!

Soiartze Avila Gonzalez 2020ko abenduaren 14a

Sutan nago! Gure seme-alabek ez dute eskubiderik eta horregatik haserre nago! Trapagarango goiko auzoetako haurrek ez omen dute gaixotzeko aukerarik.

Trapagaran Bizkaiko herria da, bertan anbulatorioa dago, jakina, baina goiko auzoetan –Larreinetan, Barrionuevon, La Arboledan…– biztanleak ere badaudenez, osasun zentroa egon badago, zerbitzuak, ordea, ez horrenbeste. Izan ere, pandemia hau heldu arte, pediatra zerbitzua astean bitan geneukan; astearte eta ostegunetan, ez zen asko, baina bazen zerbait.

"Gure seme-alabek ez dute eskubiderik eta horregatik haserre nago! Trapagarango goiko auzoetako haurrek ez omen dute gaixotzeko aukerarik"

Pandemiaren unerik gogorrenetan zerbitzua kendu zitzaigun eta duela gutxi berrezarri da, hasierako zerbitzua erdira murriztuz; orain, antza denez, ostegunetan besterik ez da igotzen pediatra gure auzora. Dena den, badirudi astean behin geneukan miseria hori ere kendu nahi digutela, pediatra abenduak 3, osteguna, ez baitzen gure auzora igo.

Esan beharra dago goiko auzoetatik Trapagarango anbulatoriora 10 kilometro luze ditugula, hortaz, haurra gaixotzekotan, haur gaixoa hartu, autobusera igo, haur gaixoa hartu, autobusetik jaitsi, haur gaixoa hartu, funikularrera igo, haur gaixoa hartu, funikularretik jaitsi, haur gaixoa hartu eta kilometro bat egin oinez funikularretik Trapagarango anbulatoriora, beste horrenbeste bueltarako.

Haur bat izan ez eta bi edo hiru dituenarentzat odisea are latzagoa izango da eta gainera, bidaiari tenperatura hotza, haizea, euria, kazkabarra edota elurra –goiko auzoetan oso ohikoa izaten dena neguan– gehitzen badizkiogu, garapen-bidean dagoen herri baten antzeko egoeran gaudela esango nuke nik. Gurasoon bidaia txarto, ezta? Bada, gurasoa ez, pentsa tarte batez, gaixorik dagoen gure umeetako bat zarela... Onartezina!

Gure haurren eskubideak behin eta berriz urratzen ari diren honetan, dagokionari –Osakidetzari, Trapagarango Udaleko gobernu taldeari, Eusko Jaurlaritzari edota ardura txiki bat duen kristo guztiari– esan nahi diot lotsagorritzeko modukoa dela zuen jarrera gurekiko, hala eta guztiz ere, goiko auzoetako gurasook ez dugula etsiko, gure txikiek osasun zerbitzu duina izan arte tinko jarraituko dugula, lortuko dugula!