argia.eus
INPRIMATU
Gure Euskal Herria ez da soilik saltegi haundi bat
  • Berriki sartu gara herriko etxe baten arduretan, eta lanak ditugu jakiten nola jarri behar dugun  bereziki coronavirus kaprizauntziari buru egiteko. Herrietako besta eta kultur ekitaldiak behar direa atxiki eta moldatu, ala garbi-garbia debekatu? Hori da aurtengo galdera berezia. 2020ko uztailaren 20an, lerro hauek idazten ari garelarik, ez gara ordea osasun egoera larrian, eta bertzek bezala nahi genuke zaindu gozatzen dugun birusaren ateri artea. Zer erran nahi du herri arduradunentzat osasun egoera larritzetik zaintzea, uda erditarik?

Mikel Hiribarren @syndicatELB 2020ko uztailaren 28a

Uda betean gara, bazter guztiak kostaldean bereziki udatiarrez mukurru betetzen ari dira. Hainbat hobe hemengo ekonomia sail askorentzat. Zerk eta nola gerizatuak gara ordea hainbeste jende hainbat leku desberdinetarik hurbiltzen ari zaigularik? Bakan-bakanak ziren atzo gauean Miarritzeko merkatu plaza inguruko karriketan maska zekartenak milaka afaltiar bazirelarik!

Eta gu hemengo betiko egoiliarrak, zintzoki ari gara gogoetan eta dozier betetzen administrazioneari erakusteko antolatu nahi ditugun ekitaldiek errespetatzen dituztela ezarriak diren araudiak eta legediak .

Nunbait bada xuxen ez doana. Osasunaz ari gara. Arrisku gorria baldin bada, herri arduradun eta botere publikoek zaindu behar gaituzte udatiarren uholde horren mehatxuetarik. Ez udatiarrak direlako edo kanpotiarrak direlako. Aizu dute nundik-nahikoek konfinatuak egon diren egoitzatik ala hiritik urruntzea, gure itsaso eta mendiez gozatzea. Epidemiologoa izan gabe, uka ezina baita eskualde desberdinetako jende osteen nahasteak mehatxu handiena agertzen duela, gaitz kutsakor ezezaguna berritz indartzeko orduan.

Nolaz ez genuke aizu guk ere gure bizi soziala eta gure herri bizia, bere kultura eta besta ekitaldiekin? Euskal Herria ez da soilik saltegi handi bat, hartan litekeela bezeroa errege! Bada lehenik Euskal Herria bere herritarren bizi leku. Eta biziak hemen ekonomia bezala kondutan hartzen du herritarren arteko lokarri sarea, hots elkarte bizia eta bizi soziala. 

Zuhurtzia handienarekin begiratu behar zaio COVID-19 gaitzaren hedatzetik zaintzeari. Ardura eta zintzotasun betearekin jokatu nahi dute elkarteetako gazte eta zohituagoek ekitaldi eta bestak antolatzeko orduan. Helburua da gaitz kutsakor honi indartzeko bide guztien zaintzea, uzkurregi egon gabe, gure ekonomia begiratuz, eta gure herriko bizi sozialari hegalik moztu gabe.