Larunbaterako manifestazio handia deitu du, Donostian. “Erreferenduma ez da delitua” lelopean ari dira deitzen herrietako mobilizazioak.
Kataluniako politikari independentisten espetxe zigorrak salatzeko, astelehen arratsaldez mobilizazioak egongo dira Hego Euskal Herriko herri askotan. Gure Eskuk Espainiako Estatuko Auzitegi Gorenak berriki jakinarazi duen epaia “demokraziaren aurkako eraso larria” dela salatu du. Hona hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeen ordutegiak:
Donostia: 19:00etan, Bulebarrean.
Iruñea: 19:00etan, Udaletxe plazan.
Gasteiz: 19:30ean, Andre Maria Zuriaren plazan.
Bilbo: 20:00etan, Udaletxearen aurrean.
Auzitegi Gorenak 2017ko urriaren 1eko erreferenduma, besteak beste, sedizio delitu bat izan zela argudiatu du. Zigorraren laurdena betetzerakoan atera ahal izango dira kalera. Hala ere, Gure Eskuk adierazi duenez, “zigor epai honek ate handi bat zabaldu du eskubide zibil, politiko eta kolektiboak kriminalizatzeko”.