Datozen bi urteetako erronken berri eman du erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. “Herri libre bat nahi dugu, mugimendua sortu nahi dugu, herria martxan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dugu”, adierazi dute.
Herri libre bat dinamika aurkeztu du Gure Eskuk, eta adierazi du subiranotasunaren auzia agenda politikoaren erdigunean ezartzea izango duela helburu. “Herria ilusiotik mugituko dugu”, adierazi du Josu Etxaburu bozeramaileak. Sinergien beharra azaldu du: "Une hau egokia dela uste dugu, hainbat mugimendu gertatzen ari baitira gure inguruan”.
Aurrerapausoak emateko beharra dagoela esan dute agerraldian, "herri gisa erronka handiak daudelako", eta erantzun egokiak emateko baliabide berriak behar direlako. Bestetik, adierazi dute "Euskal Autonomi Erkidegoaren, Nafarroako Foru Erkidegoaren eta Ipar Euskal Herriko Elkargoaren egituraketaren etorkizunari buruzko gogoeta eta eztabaidak zabalik ala zabaltzen bidean" daudela. Baita eragile politikoen artean lankidetza formula berriak martxan daudela ere.
Irantzu Perello Gure Eskuko kideak azaldu du herri libre bat izatea ez dela amets bat, ezta eskaera bat ere: “Herri libre bat izatea egunez egun eraikitzen eta gauzatzen den borondate bat da. Urratsez urrats, erabakiz erabaki lortzen den helburu bat”.
Apirilaren 13an hamar urte beteko dira lehen aldiz Euskal Herriko herri batek, Etxarri Aranatzek, estatus politikoari buruzko herri galdeketa bat antolatu zuela. Herri galdeketen lehen mugimendua izan zen, lehen harria, eta hortik aurrera Gure Eskuk Euskal Herrian beste hainbat herri galdeketa bultzatu zituen. Herritarrek bozketak antolatu ziren, eta 208 herritan 218.000 lagunek hartu zuten parte. Hamar urte geroago, herri galdeketa egin zuten herri guztiei aitortza egiteko topaketa antolatu du Gure Eskuk Etxarri Aranatzen, “Bozka bidez gure etorkizuna erabakitzearen beharra ortzi-mugan kokatuz”.
Herri libre bat dinamikaren lerro nagusiak aurkeztu dituzte Kafe Antzokian. Gure Eskuk antolatutako ekimenekin batera, beste eragile batzuek antolatuko zenbait ekimen aipatu dituzte, haietan parte hartzeko deia egin nahi dutelako.