Aurreko ekainean aurkeztu zuten ekimena Donostian. Maratoiaz gain Iruñean, Donostin, Bilbon eta Gasteizen zuzeneko ikuskizunak izango direla zehaztu dute asteazkenean. Hamabi orduz egongo dira “Euskal Herria irudikatzen”, eta “360 graduko Euskal Herria” erakutsi nahi dute.
“Gure herriaren nondik norakoak, berezitasunak eta handi egiten gaituzten txikitasunak ikusarazi” nahi ditu Gure Esku ekimenak. “Bideoz osatutako kate erraldoi baten bidez eragile, pertsona, proiektu eta beste hainbat errealitate erakutsiko ditugu”, azaldu dute. “Euskal Herria elkartu eta irudikatuko duen” bideo maratoia egun osoan zehar luzatuko da eta Gure Eskuren kanalean zein Hamaika Telebistan egongo da ikusgai.
Azaroaren 16an “gure herriaren ezaugarriak eta errealitateak” ikusaraziko ditugu Gure Eskuk. “Herri bat garela erakutsiko dugu, horregatik ekimen honi Bagara izena eman diogu”, azaldu dute Bilboko prentsaurrekoan.
“Badakigu Euskal Herritarroi elkarrekin egotea asko gustatzen zaigula, eta horregatik onlinekoaz gain alde presentziala izango du ikus-entzunezko maratoi honek”, azaldu du ekimenak. Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean egingo dituzten zuzeneko ikuskizunen berri eman dute ere, Gasteizko "Gu, Agustina!" edo Iruñeko "Orreagatik Iragan Hurbilera" kasu. Elkarteak ikuskizun presentzialetara joateko deia egin du, baita bideoan parte hartzera ere. Horrez gain, herrietako eragileei eskatu die herri bakoitzeko berezitasun nahiz errealitateak bideoan jasotzeko eta bideomaratoia@gureeskudago.eus helbidera bidal ditzaten. Grabazio guztiek azaroaren 16ean aurkeztuko duten “bideo katea” osatuko dute.