Larunbatean Baionan eta igandean Bilbon egin dituzte ekainaren 8ko giza katea sustatzeko spotaren lehen bi grabaketa saioak. Astelehenean Donostian jarraituko dute grabaketekin.
Herritarren parte hartzea eskatu du Gure Esku Dago dinamikak. Edonork hartu dezake parte grabaketetan eta aurrez mezu elektronikoa bidaltzeko eskatu dute ondorengo helbidera: harremana@gureeskudago.net. Deialdien informazio guztia www.gureeskudago.net ekimenaren webgunean aurki daiteke.
Aste honetako hitzorduak
Donostiako grabaketarako bi hitzordu jarri dituzte. Lehenengoa 10:00etan eta bigarrena 17:00etan Gure Esku Dagoren egoitzan, Kursaal parean.
Asteartean, apirilaren 29an, bi deialdi egongo dira: goizean Bardeetako Castil de Tierran eta arratsaldean Gasteizeko Letren Fakultatean.
Asteazkenean, berriz, goizez Iruñean izango dira (lekua zehazteke) eta arratsaldez Berriozarreko Eguzki plazan.
Ehunka lagun grabaketetan
Jende ugari batu da grabaketetara asteburuan. Bilbon 100 pertsona behar zituztela iragarri zuten antolatzaileek eta 500 inguru gerturatu ziren Guggenheim inguruetara.
Ahotsa.inforen laguntzaz, grabaketak nola egiten ari diren erakusten ari dira. Ondorengoak, Bilbo eta Baionakoak.