argia.eus
INPRIMATU
Gure Esku Dagok Euskal Herriko estadioak betez erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko du
  • Gure Esku Dago dinamikak aurkeztu du 2015. urteko ekintza jendetsua. Hautetsontzi erraldoiak osatuko dituzte Euskal Herriko bost hiriburuetan ekainaren 21ean. Ekitaldiaren helburu nagusia erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena zabaltzea da.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko apirilaren 13a
Ekinaren 21ean osatuko dituzte hautetsontzi erraldoiak. (Argazkia: Gure Esku Dago).

Iruñeko zezen plazan, Donostiako Anoeta Estadioan, Bilboko San Mames futbol zelaian, Gasteizko Buesa Arena pabiloian eta Baionan oraindik zehazteke dagoen tokian egingo dira eguneko ekitaldi nagusiak, arratsaldean. Bertan eraikiko dira hautetsontzi erraldoiak.

Goizean, berriz, hautetsontzi erraldoiak osatzeko jositako oihal zatiekin giza kate bat egingo dute hiriburu bakoitzean.

Edukiera arazoak aurreikusteko eta ekimenaren finantzaketarako sarrera beharko da arratsaldeko ekitaldietarako. Helduen sarrerak 10 euroko prezioa izango du eta haurrenak 5ekoa. Sarrerak apirilaren 21ean jarriko dira salgai herrietan eta ekimenaren webgunean.

Interneten ere hautetsontzia eraikitzeko aukera

Gure Esku Dagok hautetsontzi erraldoi fisikoak egiteaz gain, hautetsontzi digitala ere eraiki nahi du. Horretarako “oihal digitala” betetzeko aukera dago sarean.