argia.eus
INPRIMATU
Gure Esku Dagok babesa adierazi die Kataluniako galdeketagatik epaituko dituzten politikariei
  • Gure Esku Dago dinamikak otsailaren 6an Kataluniako Auzitegi Nagusian epaituko dituzten politikari katalanei “elkartasuna eta babesa” adierazteko elkarretaratzeak egitera deitu dute. Artur Mas presidente ohia eta bi kontseilari ohi epaituko dituzte 2014ko azaroaren 9an eginiko galdeketa antolatzeagatik.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2017ko urtarrilaren 31
Elkarretaratzeen aurkezpena Gasteizen. (Arg.: @GureEskuDago)

Artur Mas, Joana Ortega eta Irene Rigau desobedientzia eta prebarikazio delituengatik epaituko dituzte. Gure Esku Dagok hiru politikariekin batera 2014ko azaroaren 9an boza eman zuten bi milioi kataluniarretik gora ere epaituak izango direla uste du.

Hori salatzeko, igandean, otsailak 5, elkarretaratzeak egingo dira “Demokrazia” lemapean. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan batera egingo dira eguerdiko 12:00etan:  Donostiako Bulebarrean; Bilboko Arriagan; Iruñeko Udaletxe plazan; eta Gasteizko Andre Mari Zuriko plazan.

Gerturatzeko asmoa dutenei “herritarron bozka, erabakia eta hitza sinbolizatuko duen botopapera” eramateko eskatu diete dinamikako bozeramaileek. Demokrazia hitza “hiriburuen erdigunean” jarri nahi dutela azaldu dute.

Bestalde, gogoratu dute datorren hilabeteetan 110 herri baino gehiagotan galdeketak egingo direla. Kataluniaren kontra erabili diren trabak Euskal Herrian ere erabil ditzaketela adierazi eta onartezintzat jo dute: “Ez dugu onartuko herritarrei hautetsontziak jartzeagatik inor auzipetu eta epaitzea. Ez Euskal Herrian, ez inon”.