argia.eus
INPRIMATU
Gure Esku Dago: prest da igandeko ekitaldia
  • Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko eguna izango da igandean Gure Esku Dago ekimenarekin. Dinamikaren bultzatzaileek adierazi dute ekitaldiaren mezua oinarri-oinarrizkoa dela, eta edozein pertsonak bat egiteko moduko eskaera dela. 

Garazi Zabaleta 2015eko ekainaren 19a
Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko antolatu dute Gure Esku Dago dinamika (argazkia: Gure Esku Dago)

Euskal Herriko bost hiriburutan –Iruñea, Donostia, Baiona, Gasteiz eta Bilbo– egun osoko egitaraua osatu dute, eta kaleak modu umoretsu eta parte-hartzailean betetzea espero dute antolatzaileek. “Erabakitzeko eskubidea bermatzea herritar guztioi dagokigu, ez alderdi edo ideologia zehatzei”.

Atxikimendu eta babes zabala jaso du Gure Esku Dagoren dinamikak azken hilabeteotan. Euskal Herriko esparru ugaritako pertsona ezagunek adierazi dute bat egingo dutela igandeko ekimenarekin, eta herritarrei ere gerturatzeko deia luzatu diete.

Aurretik herri askotan ehuntze egunak egin dira, eta horietan ehundutako zatiekin oihal-katea sortzeko momentua izanen da igande goizean. Arratsaldean, berriz, hautestontzi erraldoiak eraikiko dituzte oihal guztiak batuz.