argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko Gure Esku Dagok salatu du “testuingurutik atera” dela taberna batzuei eskatutako laguntza
  • Gure Esku Dagok Gasteizko tabernei “erreklamatutako” diru laguntzen inguruan zabaldu den informazioari erantzunez, mugimenduko kideek “gertatutakoa testuingurutik erabat ateratzen ari direla” salatu dute. Modu berean, euren kezka adierazi dute albiste honen atzean dagoen “intentzionalitatearen” aurrean.

Hala Bedi @halabedi 2018ko ekainaren 14a
Ekainaren 10ko giza katea Gasteizen (argazkia:Hala Bedi)

Ekainaren 10eko giza-katearen aurretik, gutun bat bidali zieten tabernari ezberdinei. Gutunean argi eta garbi adierazten da dinamikari laguntza ematea “guztiz borondatezkoa eta hautazkoa” dela, baina zenbait hedabidek ez dute hau jaso. “Norbait deseroso sentitu bada, barkamena eskatzen diogu, inondik inora ez baita hori izan ekimenaren sustatzaileen asmoa. Nolanahi ere, neurriak hartuko ditugu halako gaizki-ulerturik errepika ez dadin”, adierazi dute ohar batean.

Argitu dutenez, ez diote behin ere inori laguntza ekonomikorik eskatu: “Izen-emateen eta merchandisingaren bidez finantzatu da %100ean igandeko giza katea”. Kasu konkretu hau era deskoordinatuan kudeatu dela azaldu dute, “Euskal Herrian festak, ekitaldiak, eta ekimen ugari finantzatzeko erabili ohi den formula bat jarraituz, nahiz eta Gure Esku Dagok ez duen bide hau erabiltzen“.

Momentu hau aprobetxatu nahi izan dute beste behin ere azpimarratzeko herri mugimendu independiente eta autofinantzatua dela Gure Esku Dago.

Albiste hau Hala Bedi-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.