argia.eus
INPRIMATU
“Gure dirua energia nuklearrera edo armagintzara bideratzerik nahi ez badugu badago alternatibarik”
Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 18a
Andrea Baranes, Italiako Ardura Etikoaren Kultur Fundazioko presidenteak, KMKn emandako hitzaldian.

Banca Popolare Etica finantza erakunde kooperatiboa da. Banku tradizionalen funtzioa betetzen du baina ez du irabazi asmorik, herri mugimenduetatik sortua da eta modu demokratikoan egiten du lan. Italiako egitasmo hori eta Fiare erakundea elkarlanean hasi dira eta fusionatzeko asmoa agertu dute, Europan banku etikoen proiektua sendotu asmoz.

Italiako esperientzia eredu

Baranesek dioenez Banku etikoak espekulaziorik gabe lan egin daitekeela erakusten du, “gardentasunez, paradisu fiskal eta finantza gerretatik at”.

Banca Popolare Eticak 30.000 bazkide baino gehiago ditu Italia osoan. Eskualdeka banatutako 70 asanbladen bidez funtzionatzen du eta bakoitza arduratzen da haien ordezkariak hautatzeaz. “Banku etikoan pertsonek agintzen dute, ez diruak. Langile gehienak erakundearen kide dira eta partehartze horrek hastapeneko helburuak beteko direla bermatzen du”, dio Baranesek.

Horrez gain, “banku etikoak mailegu bat eman aurretik printzipio sozialak eta giza nahiz ingurumen eskubideak errespetatzen diren ziurtatzeko ikerketa egiten du”. Horrekin bermatzen baita printzipio etikoak errespetatuko dituen proiektuetarako bideratuko dela dirua. Bestalde, neurri horrekin berankortasuna saihesten da; pertsona bati dirua eman aurretik konfiantzazko sare bat duela ziurtatzen baita.

Espekulazioaren inguruan galdetuta, Baranesek argi erantzun du: “Banku etikoak 800 milioi euroko aurrezkiak baditu, 800 milioi euro ematen ditu maileguan, espekulaziora jo beharrik gabe, balantze sendoa bermatzen baita horrela".

Informazio gehigarria:

Irailaren 24ean Andrea Baranesek “Banca Populare Etica: Bestelako ekonomia baten zerbitzura dagoen banka” hitzaldia eman zuen Koldo Mitxelena Kulturunean Donostiako Lankidetza departamentuak antolatuta. Bideo honetan ikusgai dago hitzaldia.

ARGIA astekariaren 2.293. zenbakian argitaratutako banku etikoari buruzko erreportajea: Pertsonen zerbitzura dagoen ekonomia

ARGIA astekariaren 2.111. zenbakian Fiare bankuaren sorrerari buruz Daniel Udalaitzek idatzitako erreportajea: Europako banku etikoen sorburua?

Setem Hego Haizea erakundeak ekoiztutako "Con tu dinero" (Zure diruarekin) dokumentalak banku tradizionalen jarduera aztertzen du, eta banku etikoaren berri ematen du alternatiba gisa.