“Marioker”, “Lumatza”, “Kuir”, “Soropila” edo “Kapaza” hitzek osatu dituzte Zinegoak LGTBI+ jaialdiaren aurtengo kartelak. Inposatutako etiketarik gabe, "gure burua nahi dugun moduan berrizendatzeko, erakusteko eta identifikatzeko eskubidea" aldarrikatu nahi du 19. edizioak.
Nola izan/esan bollera euskaraz proiektuan bildutako hitzak berreskuratu dituzte, karteletarako. June Fernandezek eta Amaia Alvarez Uriak sortutako proiektua da, lesbianismoa eta sexu-aniztasuna euskaraz izendatzeko moduen hiztegia, eta bertan hartu dute parte Itxaro Bordak, Eli Pagolak, Danele Sarriugartek eta Ainara Artetxek, besteak beste. Kartelen irudia berriz, Lander Telletxea diseinatzailearena da.
Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia otsailaren 28tik martxoaren 7ra egingo da eta zuzendari artistiko berria izango du: Alaitz Arenzana, Pau Guillenen lekukoari eutsiz. Zuzendaritzan dagoen lehen emakumea izango da Arenzana. Bere hitzetan, “jaialdia mantentzeko eta aberasteko borrokan jarraitu dut, behar-beharrezkoa delako sexu-, identitate- eta genero-aniztasunaren alde lanean jarraitzea”.