“EAJk balantze ona egiten du gaurko Hauteskunde Orokorretan lortutako emaitzen inguruan”, hasi du hitzartzea EAJko lehendakari Andoni Ortuzarrek. Adierazi du helburu nagusia lortu duela EAJk.
“Madrilen euskal talde parlamentarioa bermatzea, bost eserleku lortuta. Talde parlamentarioak aukera emango digu Madrilen euskal ahotsa izateko eta, honenbestez, Gorte Nagusietan euskal interesak eta gure autogobernua sendo defendatzeko ildo bat ezartzeko aukera ere bai”. Kanpainako polarizazioak kaltetu egin dituela esan du, eta testuinguru horretan emaitza hauek lortzea balioan jarri du. Pozik agertu da hauteskundeak normaltasunez egin direlako, baita zein baldintzatan egin diren kontuan hartuta parte-hartze datuak onak izan direlako. “Estatuko emaitzei dagokienez, gure botoak euskal herritarren interesen zerbitzura jarriko ditugu”, gaineratu du, eta nabarmendu “aritmetika ariketa korapilatsua” egin beharko dutela orain alderdiek. “Gure botoak erabakigarriak izango dira, erantzukizunez kudeatuko ditugu”.
Ortuzarrek emaitzen balorazioa egin aurretik, Bizkai Buru Batzarraren presidente Itxaso Atutxak herritarrak zoriondu ditu erakutsi duten “konpromisoagatik”, ohi baino zailagoa baitzen botoa ematea, uztailaren amaierako egun “zoragarri” batean izateagatik, eta Udal eta Foru Hauteskundeetatik denbora hain laburra gainera: “Zoriontzekoa da jendeak egin duen ahalegina, eta hori da guretzat gaurko berririk onena”.