argia.eus
INPRIMATU
Gurasotasun baimena hamasei astekoa izango da 2019tik aurrera EAEn
  • Hamasei astez baimena eskatu ahalko dute 2019tik aurrera bigarren umea edo gehiago dituzten familiek; aitek nahiz haurdun egon den emakumearen bikotekideak eskatu ahalko dute baja. Lehen umea izango dutenen kasuan, 2022tik aurrera jarriko da indarrean neurria.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko maiatzaren 18a

Bi gurasoek haurra zaintzeko denbora bera izatea onartu du Eusko Jaurlaritzak. Gaur gaurkoz, amek hamasei asteko laneko baja eskatzeko aukera dute. Aldiz, lau asteko epea ematen zaie aitei eta umea izan ez duten amei. Gauzak horrela, beste hamabi asteko luzapena izateko aukera izango dute hurrengo urtetik aurrera jada guraso diren bikoteek. Jaurlaritzaren arabera, pixkanaka ezarriko da neurria, eragin ekonomikoa “oso bortitza” izan ez dadin.

Eusko Jaurlaritzak ordainduko dio baja eskatzaileari hiru hilabetetako soldata. Denbora tarte horretan, ordea, ez du  Gizarte Segurantzan kotizatuko, eszedentzia moduan erregistratuko baita. Lakuak aurreikusi du bikoiztu egin beharko duela kontziliazio politiketara bideratzen duen diru partida; egungo 35 milioi eurotatik, 83 milioi eurotara 2022an. Umeak urtea bete bitartean eskatu ahalko da baimena, beti ere amak hartu duen epe ezberdinean. Haurra zortzi hilabetez gurasoen zaintzapean egotea da helburua.