“Batzuk nahi dutena soilik kontatzen dute. Zero Zonan herriak du hitza”. Horiexek GuraSOSek abian duen Hitzartu prozesuaren baitan, ostiral arratsalde honetan bertan martxan jarri berri duten Zero Zona kanalean entzun ahal izan ditugun lehen hitzak. Aurrerantzean, Youtubeko kate honen baitan, astero albistegi bat eskainiko dute.
Lehen saioan, GuraSOS eta Hitzartu izan dituzte hizpide. Azken aldian egin dituzten ekimenen informazioa eskaini dute. Tartean, gogoan izan, aste hasiera honetan bertan, erraustegiaren kolapsoa eragin dezaketen ekimen juridikoak aurkeztu dituzte Europan. Ekimen hauen gaineko informazioa eskaini dute edota maiatza hasieran Landaberri Ikastolan eginiko jardunaldia izan dute hizpide.
Gipuzkoarrei hondakinen kudeaketaren inguruan Foru Aldundiak ukatutako hitza hartzea ahalbidetu eta abian den prozesuaren testuinguruan zabaldu dute informazio kanal berri hau. Prozesua babesteko deia egiten diete herritarrei.
Erronka bat betetzera animatu ere bai. “Baietz 50.000!”. Zero Zona Kanaleko 50.000 harpidedun eta ikuskapen izatera heldu nahi dute. Albiste honi atxikia duzuen bideoa ahal bezain beste zabaldu eta partekatzeko gonbita luzatu dute.