argia.eus
INPRIMATU
GuraSOSek erraustegiaren finantzen iruzurra salatu du Madrilgo Senatuan
  • GuraSOS elkarteko ordezkariek Madrilgo Senatuan agerraldi publikoa egin dute Gipuzkoako erraustegiaren finantzaketan dagoen iruzurra salatzeko.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko uztailaren 12a
Joseba Belaustegi abokatuak hitz egin du Senatuko agerraldian. (Argazkia: GuraSOS)

GuraSOSen ordezkari Joseba  Belaustegi abokatua eta Julene Albisu agertu dira Senatuan, EHBilduko Jon Iñarritu eta Podemoseko Pilar Garrido senatariek gonbidaturik.

Iruzurrak, esan du Belaustegik senatarien aurrean, Gipuzkoari ekarriko dion kaltea zera da: gizartea zorpetuta geratuko dela eta ezinezko egingo zaiola bestelako helburu sozialak asebetetzeko zorrik bere gain hartzea. "Hori Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek berek ere aitortua dute txosten batean. Landu zuten erraustegia beraiek [administrazioak] eraikitzeko hipotesia, eta ondorioztatu zuten ezinezkoa zela, gastu sozialak murriztu beharko zirela".

Senatariei aurkeztu zien ere, Belaustegik, erraustegiak inolako kontrolik gabe emitituko dituela gutxienez 20 kutsagai kantzerrak eta haurren malformazioak eragiten dituztenak.

Jon Iñarritu EHBilduko senatariak prentsaren aurrean oroitarazi du EAEk ez daukala, Bizkaian bat edukita, beste erraustegi berri baten beharrik eta eskatu du GuraSOSek salatutako iruzurra ikertzea.

Arratsaldean, prentsa ohar batez GuraSOSek jakinarazi du 2017an hasita 2018an zehar burutuko den iniziatiba bikoitza abiaraziko duela udazkenean. Alde batetik parte hartze prozesu bat: "Lehenengoa aurrekaririk gabeko parte hartze prozesu bat martxan jartzea izango da. Berme Batzorde batek gidatuko du eta Gipuzkoa osorako diseinatutako prozesua egingo EHUko ikerketa talde batek. Adostasuna hiru norabideetan garatuko da: ahalik eta kohesio sozial gehiena, osasunerako berme gehien duen irtenbidea, eta Europako legedietara egokitzapena. Emaitza 2017-2030 bitarteko Hondakinen Kudeaketa eta Prebentzioarako Plan baten proposamena izango da".

Eta bestetik, Gipuzkoa + Technology egitasmoa: "Horrekin ekintzailetasunean oinarritutako bidea izango da, non Gipuzkoa hondakinen kudeaketan mundu mailako erreferentzia bilakatuko den. Ildo horretan, ikerketa eta garapena sustatzeko proposamenak luzatuko dira".