argia.eus
INPRIMATU
GuraSOSek Donostian manifestazioa deitu du ostiralerako, klimaren aldeko nazioarteko grebarekin bat eginda
  • "Fridays for future" ("etorkizunerako ostiralak") izeneko nazioarteko ikasleen mugimenduak klima eta guztion planeta babesteko ostiralerako (maiatzak 24) deitua duen greba egunerako, GuraSOSek mobilizaziorako proposamena egin zien aurreko astean gazteei eta gazte erakundeei. Gonbitari baiezkoa eman diotenez hainbat taldeek, bi hitzordu deitu dituzte Donostian. 19:00etan eserialdia Alderdi Ederren. 20:00etan manifestazioa.

Usurbilgo Noaua @noaua 2019ko maiatzaren 23a

GuraSOSek aurreko astean gazteei eta gazte erakundeei luzaturiko gonbitak baiezkoa jaso du, eta ostiral honetarako (maiatzak 24) iragarri zuten mobilizazioa egin egingo da azkenean. Gazteak, gazte mugimendu edo eragileak deitzen zituzten mobilizatzera. "Horrela egin dute hainbat taldeek eta beraz bat egiten dugu "Klima Larrialdia" deialdiarekin".

GuraSOSek bi mobilizazio deitu ditu ostiralerako (maiatzak 24) Donostian. 19:00etan eserialdia Alderdi Ederren eta ordubete beranduago manifestazioa, "Plastikoa XXI. mendeko amiantoa, erraustegia=klima aldaketa=kutsadura. Alternatiba badago" aldarripean.

Ez dute edozein egun hautatu mobilizazio hauek antolatzeko. Europa osoan klimaren aldeko greba eguna deitu baitute ikasle eta gazte mugimenduek maiatzaren 24rako, martxoaren 15ean egin zuten moduan. Klimaren aldeko greba egunarekin bat egingo dute honenbestez, GuraSOSek deitutako mobilizazioek. Helburu argi batekin: igandeko hauteskundeetara aurkezturiko hautagaiak klima aldaketaren larritasunaren aurka berehala neurriak har ditzaten exijitzeko. 

Azken hilabeteotan deitu duten nazioarte mailako bigarren greba da, martxoaren 15ean egin zen lehenengoa, milioika gazteek parte hartu zuten orduko hartan. Oraingoan ere unibertsitate eta institutuko ikasleak mobilizatu nahi dituzte ostiralean. Eta eguna aipatu moduan, Donostiari dagokionez, GuraSOSek deitutako mobilizazioek borobilduko dute.

Greta Thunberg-ek hasitako borrokaren segida

"Fridays for future" ("etorkizunerako ostiralak") izenez ezaguna egin den klima eta gure planetn babesteko borroka olatu berri hau, Greta Thunberg 16 urteko suediar gazteak hasi zuen iazko abuztuan. Ostiralero mobilizatzen hasi zen Suediako parlamentu aurrean. Oso ezaguna egin da azken hilabeteotan mundu osoan. Ordutik aipatu moduan, borroka honetara batu dira munduko 1.600 hiriburu baino gehiago, milioika gazte. Martxoaren 15ean nazioarte mailako klimaren aldeko ikasle greba egin zuten. Ostiral honetan, maiatzaren 24an bigarrena. 1.200 deialditik gora iragarri dira Europa osoan. 

Albiste hau Noaua-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu.