argia.eus
INPRIMATU
GuraSOSek “Babes Kutxak” atera ditu salgai Hitzartu prozesua finantzatzeko
  • Zubieta inguruetan bizi diren neska eta mutilek egindako marrazkiak tapakietan serigrafiatuak dituzten Babes Kutxak aurkeztu ditu GuraSOS elkarteak, horien salmentatik bildutako diruarekin Hitzartu proiektua finantzatzeko. GuraSOSek prentsa oharrean dioenez, "ekimen herritar honetan, hondakinen kudeaketaren inguruan partehartze prozesua burutzen ari da informazioa eta eztabaida soziala bermatzeko".

Zero Zabor @zero_zabor 2018ko azaroaren 12a
Argazkia: Noaua.

Urriaren 7an Usurbilgo frontoian GuraSOSek antolatutako tailerrean haurrek sortutako marrazki eta hitzekin apainduak daude Nantesen (Bretainia) ekoitzi diren kutxa hauek. Barruan gailetak daramatzate eta postal bana ere bai, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanori bidaltzeko prestatua, honako testuarekin: “Gure haurren begiradak berritzen du itxaropena guregan eta goizero sinestu arazten digute ez dela berandu. Inoiz ez dela berandu Gipuzkoa osasuntsuago baten alde egiteko”. Babes kutxak salgai non dauden jakiteko informazio guztia elkarteak bere webgunean eskaintzen du.

Babes kutxokin bildutako dirua GuraSOSek erabiliko omen du Hitzartu proiektua finantzatzeko. "Aldi berean –dio prentsa oharrean– hiri hondakinen kudeaketa plan alternatiboa diseinatzen dabil ingeniaritza aditu bat. Urtea amaitu baino lehen bukatzea aurreikusten du GuraSOSek eta asmoa da Gipuzkoako Batzar Nagusiei eta Foru Aldundiari aurkeztea hitzartutako soluzio formula moduan, osasuna eta ingurumena ahalik eta gehien babesten dituen, eta kohesio soziala zein Europako zuzentarauak eta araudiak hobekien betetzen dituela bermatuko duena"

Joxemari Agirretxe Porrotx pailazo famatuak aurkeztu ditu bideo honetan GuraSOSen Babes kutxak.