GuraSOS elkarteak aurreratu du “manifestazio handi bat” antolatzen ari dela Zubietako erraustegia lehenbait lehen gelditzeko eskatzeko. Azaroaren 27rako deitu duen mobilizazioa Donostiako Kursaaletik abiatuko da eguerdiko 12etan eta Zurriolako itsas ibilbidetik barrena Saguesen bukatuko da. Manifestazioaren leloa “Orain Bai, Gelditu! Elkarrizketa eta Konponbidea” izango da eta GuraSOSen arduradunek azaldu dute dagoeneko gizarte eragile ugariren babesa lortu dutela.
GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez, bere mobilizazioari atxikitzeko epea zabalik dago baina dagoeneko hainbat eragile eta pertsona ezagunek eman diote berea: Eguzki, Ekologistak Martxan edo Greenpeace talde ekologistak, CCOO, ELA eta LAB sindikatuak, Ulia eta Gros auzoko (Hondarpe) bizilagunen elkarteak, Groseko Indarra surf elkartea, Zurriolan egoitza duena, itsasoarekin harreman estua duten kirolariak, hala nola Juanmari Etxabe eta Igor Makatzaga entrenatzaileak, Sarai Lizaso eta Iñaki Errasti arraunlariak, Axi Muniain surflaria. Zerrendatu dituzte kulturako zenbait eragile ere: Kristiñe Solano (Amak), Andoni Bastarrika, Gorka Otxoa eta abar.
Deialdia egin dutenek agerraldian honela argudiatu dute salatzen duten egoera:
“Agintariek hitza eman zuten erraustegia egin aurretik:
- Airera isurtzen diren zabor kutsatzaileen muga gaindituz gero, sistema automatiko bat izango zela hondakinen erretzea gelditzeko.
- Kutsadura parametroak betetzen ez baziren, erraustegia gelditu egingoko zutela, eta arazoa konpondu arte ez zutela berriro martxan jarriko.
(…) GELDITU erraustegia, kutsadura arazo larri hauen jatorria identifikatu eta konpondu arte; erraustegiaren funtzionamendu okerra aztertu eta konpondu izanaren bermeak izan arte.
Kontrol demokratiko zorrotza, gaur egun ez dagoena, behar du erraustegi horrek.
Agintariek, emandako hitza bete behar dutela aldarrikatu beharra daukagu”.
Mobilizaziorako giroa berotzeko bideo labur bat ere aurkeztu dute GuraSOSeko arduradunek: