Nerabe batek mugikor, tablet eta pantailei ematen dien erabileran eragin handienetakoa gurasoak direla frogatu du ikerketa batek. Alegia, nahiz eta adin horretan gurasoenganako distantzia bilatu ohi den, pantailekiko garatuko duen harremanean gurasoak oraindik ere eredu direla ondorioztatzen du ikerketak.
Haur eta gazteek mugikorrari (eta orokorrean pantailari) itsatsita igarotzen duten denbora eta zein erabilera egiten duten guraso askorentzat kezka iturri dela argi dago. Gero eta gehiago hitz egiten da mugikorrek haur eta gazteengan sor ditzaketen kalteez eta horietan eskura dituzten sare sozialek, pornografiak eta bestelako edukiek duten eraginaz. Fokua haiengan jartzeaz gain, ordea, helduok egiten dugun erabilera aztertzea da lehenengo pausoa, zer ikusi hura ikasten baitute nerabeek, ikerketa batek berretsi duenez. 12-13 urteko 10.000 estatubatuar lagin hartuta, ikerketak dio gurasoek pantailei ematen dieten erabileraren araberakoa dela seme-alaben jarduna pantailaren aurrean, hein handi batean.
Pantailen erabileran etxean arauak ezarriz gero, adibidez bazkaldu bitartean mugikorrik ez erabiltzea, gurasoek eurek bete behar dituztela dio Jason M. Nagata ikerketaren egileak, El País-en. Alegia, pantailen erabilera osasuntsu baterako irizpide eta mugek ez luketela soilik seme-alabentzat izan behar, etxeko guztientzat baizik.
"Haurrak goizeko ordubatetan Internetera konektatuta izatea gurasoek ez dakitelako edo ez direlako mugak jartzeko gai, arazo bat da"
12-13 urteko gazteek mugikorrean, bideo-jokotan, sare sozialetan… egiten eta egingo duten erabileran eragiten duten beste faktore batzuk ere aipatzen ditu ikerketak. Bazkalorduan edota logelan gauez gailuak erabiltzea, esaterako, lotuta dago erabilera arazotsuagoekin. “Mugak jartzerakoan ari gara huts egiten gehien –dio Maria Zabala adituak–, haurrak goizeko ordubatean Internetera konektatuta izatea gurasoek ez dakitelako edo ez direlako mugak jartzeko gai, arazo bat da; funtsezkoa da ulertzea gauez deskonektatu eta deskantsatu egin behar dela, gailuak itzali behar direla, bai ohera joan aurreko orduan, bai bazkalorduan, eta beste”. Irizpideak, lehen aipaturikoaren ildotik, berdin balio beharko luke helduentzat.
Azterketak nabarmentzen duen beste hutsegite bat da pantailak erabiltzea sari edota zigor moduan, halako estrategiek sortzen dutelako erabilera handiago eta okerrago bat, ezkutuan egingo baitu nerabeak. Adituaren arabera, teknologia normalizatzea da bidea, mugak jarri eta akonpainamendua eginez, heziketaren beste arloetan egiten den bezalaxe.
Gaian sakontzeko: Lehenengo mugikorra noiz, nola eta zein baldintzapean?