argia.eus
INPRIMATU
Gurasoek dute giltza
Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2013ko martxoaren 01

Umeen hezkuntza gurasoon ardura da, lehenik. Nola hezi nahi ditugun erabakitzeko eskubidea izango dugu, bada, gurasoek, ezta?

Gehitxo delegatzen dugu bizitza, orokorrean, eta hezkuntza ere pakete horretan doa. Delegatutakoan, besteen lanari esker umeek jasotzen duten hezkuntza egoki baloratzen dugun bitartean, eroso bizi gara.

Baina jada abisatu digute, gure seme-alabak españolizatuko dituela eskolak. Espainiako Gobernuak erabakitako edukiak buruz ikasi eta transkribatu beharko dituzte gure umeek errebalidetan. Kritikotasuna, norberaren iritzia lantzea traba izango dute, sumisioan heziko dizkigute. Noiz arte ikasi ere ez dute ikasleek erabakiko: espediente brillanterik ez duena lehenbailehen eskola sistematik kanpo geratuko da (“lan mundura bideratuko da” esaten zaio, gazteentzako lan munduak existituko balu bezala).

Seme-alaben hezkuntza berriz geuregan hartzea. Ba al dago Wert erreformari aurre egiteko bide eraginkorragorik?

Wert erreformari aurre egiteko gurasook hamaika neurri har ditzakegu, erabat eraginkorrak direnak (zure ideiak bidali, eta zerrenda gizenduko dugu):

-Greba indefinitua hasi, umeak eskolara eraman gabe. Ez dezagun ahaztu eskola hiritarrak sortzeko Estatuak duen erreminta nagusia dela. Estatu batek ezin du onartu hiritar mordo bat eskola sistematik ateratzerik. Ikasle kopurua da, noski, gakoa.

-Ikasgai batzuetara umeak ez bidali (Espainiako historia ikasgaira, adibidez). Eta ordu horietan beste ikasgai batzuk eskaini, ikastetxeko beste gela batean (Euskal Herriko historia edo euskara, adibidez).

-Errebalidei uko egin, kontzientzia objekzioa argudiatzen duen testua aurkeztuz.

-…

Benetan baldin bagaude datorkigun eskola ereduaren kontra, ez ditzagun umeak eskola horretara bidali, eman diezaiegun gure balioekin bat datorren eskola.

Koherentzia eta intsumisioa gurasoek abiatu beharko dute, eta ekimen horien baitan irakasleek aukera eta erremintak izango dituzte euren alea jartzeko. Jaurlaritzari urratsak emateko ausardia (edo lotsa) ere hortik etorriko zaio.

Baina berriz ere ekimena delegatuta, ez ote gaude gurasoak irakasleei eta Jaurlaritzari begira, gela barruan Espainiako Gobernuak erabakitako curriculuma ez den beste zerbait emango den esperantzan?

Oharra: Artikulu hau Estitxu Eizagirren Gaitzerdi blogetik ekarria da. Bertan beste hainbat gairen artean, Hezkuntzari buruzko artikuluak aurkituko dituzu.