Gurasobakarra den ama batek Bilboko epaitegi batean lortu du amatasun baimena ez izatea soilik amari dagokiona, legeak dioen moduan, baizik eta bikoteei jaioberriaren zaintzarako ematen zaien epearen adinakoa izatea. Familia monoparentala izateagatik haurrari zaintzarako epe laburragoa eskaintzea diskriminatzailea dela dio epaileak.
Bilbon bakarrik ez, Bartzelonan ere ebazpen bera egin du aste honetan beste epaile batek. Legeak onartzen ez duena, gero eta epaitegi gehiagotan ari dira onartzen: gurasobakar direnek –emakumeak, gehiengo handia– familia tradizionalen eskubide berak izatea. Auzitegiek azpimarratu dutenez, jaioberriaren zaintza baimena ez da hainbeste gurasoei dagokien eskubidea guraso izateagatik, umeari dagokion eskubidea baizik, berau zaintzeko eta babesteko helburua baitu baimenak, eta beraz, ez du zentzurik haur batzuk zaintzeko baimena luzeagoa izateak –bi guraso dituelako– beste haur batzuenak baino –guraso bakarra dutelako–. Diskriminatzailea eta bidegabea dela interpretatzen dute epaitegiek.
Bilboko ebazpenak, gainera, gogoratzen du familia nuklear biparentalaren eredua 1970eko hamarkadatik aldatu dela eta eredu berriak aintzat hartu behar direla.
Epaitegietara jo behar ez izatea aldarri
2020an, EAEko Auzitegi Nagusiak ebazpen aitzindaria eman zuen: bikotekiderik gabeko amari 24 asteko amatasun baimena aitortu zion –amari 16 asteko baimena ematen zion legeak–. EAEko Auzitegi Nagusiaren bidea jarraitu dute beste hainbat ebazpenek, baina gurasobakarren kolektiboek diote legeak eskubide hori aitortu beharko liekeela, epaitegietara jo behar izan gabe.
Familia eredu anitzak gero eta ugariagoak diren arren, ditugun arau eta hobari askok ez dituzte kontuan hartzen familia tradizionalak ez direnak, eta salaketaren bideari heltzen ez dion gurasobakarra salduta geratzen da maiz. “Oraindik asko dago borrokatzeko”, dio Amaia Garcia ama bakarrak, eta berriki kontatu digu berak bezalaxe bi seme-alaba dituzten familietan, bikotekideetako bat alargun geratzen bada familia ugaritzat joko dela automatikoki; “gure kasuan bezala bi seme-alaba eta guraso bakarra dituen familia ordea, ez da familia ugaria. Zer zentzu du?”.