argia.eus
INPRIMATU
Gurasobakarrak, egunerokoan diskriminatuta
  • Azken adibidea kiroldegian jasan du Amaia Garcia irundarrak. Bi haurren ama da eta seme zaharrena eta bera aspalditik dira kiroldegiko bazkide; txikienarentzat txartela egitera joan denean, familia osoa kide izateagatik dagokion beherapena ukatu diote, existitzen ez den beste gurasoa ez delako bazkide. Gertatutakoa salatu eta kontuak eskatu ostean, Diputazioak berretsi du beherapenerako eskubidea duela. “Familia normalei bezala aplikatuko dizugu beherapena”, esan diote.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko urtarrilaren 25a

Normala ez dena zera da: familia eredu anitzak gero eta ugariagoak diren garaiotan, ditugun arau eta hobari askok aintzat ez hartzea familia tradizionalak ez direnak. Garciak kexua jarri eta lortu du familia tradizionalentzat pentsatuta dagoen beherapena, baina kexaren bideari heltzen ez dion gurasobakarrak ez du aukera hori baliatuko.

Hain justu, haurrak jaio zirenean amatasunari baino ez dagokion baimena izan zuen Amaia Garciak, baina beste gurasobakar batzuek justiziara jo dutenean, bikotekide biei batera dagokien egun kopurua lortu izan dute jaioberria zaintzeko, bestela haurrak tratu diskriminatzailea jasotzen duela ulertuta –pentsa, bi guraso dituen jaioberriaren gurasoetako bat hiltzen bada, beste gurasoari bien gurasotasun baimena dagokio–. Hainbatek, baina, ez du epaitegietara jotzeko baliabide, aukera edota indarrik.

“Oraindik asko dago borrokatzeko”, dio Garciak, eta kontatu digu berak bezalaxe bi seme-alaba dituzten familietan, bikotekideetako bat alargun geratzen bada familia ugaritzat joko dela automatikoki; bi seme-alaba eta guraso bakarra dituen familia ordea, ez da familia ugaria. Zer zentzu du?

Bizi dituzten ageriko egoera diskriminatzaileak salatu eta euren eskubideak aintzat har ditzaten epaitegietara eta erakundeetara jo beharrean, familia tradizionalaren eskematik haragoko lege eta irizpide administratiboak eskatu ditu irundarrak.