argia.eus
INPRIMATU
Gurasoak preso dituzten “motxiladun haurren” auzia telebistara eramanez, ikusmina sortu du Ur Handitan saioak
  • Motxiladun umeen gaia jorratu zuen astearte gauean ETB 1eko Ur Handitan saioak. Emozioz beteriko programa izan zen eta haurrak izan ziren saioko protagonistak.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 10
Argazkia eta bideoak: @jonathanmartinz

“Prest gaude”, hala dio urtarrilaren 13an Bilbon Euskal preso eta iheslari politikoen alde Sare herritarrak antolatu duen manifestazioaren leloak. Bilboko kaleak betetzera dei egin dute azken aste eta egunotan. Aurtengoan, gainera, zentraltasun handia hartu “motxiladun umeen” auziak, alegia, gurasoak preso dituzten haurren gaiak. Astearte gauean ETB 1eko Ur Handitan saioak haur horiek pairatzen duten egoeraren inguruko erreportajea eskaini zuen. Emozioz beteriko saioa.

“Motxiladun” haur ugariren testigantzak jaso zituen Ane Rotaetxe eta Fermin Etxegoienek zuzentzen duten saioak. Xabier Madariaga da saioko aurkezlea, eta atzokoan enegarren aldiz erakutsi zuen elkarrizketatuaren lekuan jartzeko duen gaitasuna. Tentsio emozional handiko uneak ikusi ahal izan zituzten ikusleek, besteak beste, Gari motxiladun haurrak bere egoera kontatu zuenean.

“Nolakoa da bisita bat? Nolakoa da zure aita edo amarekin topo egiten duzun une hori? Ba al duzu esperantzarik?” Galdera zorrotzak egin zizkien aurkezleak haur eta gazteei, hauek ere zorroztasunez erantzun zieten galderei. Saioaren momentu batean “motxiladun haurrek duten heldutasuna” azpimarratu zuten, egoera latz horiek bizi beharrak euren izaeraren garapenean izango baitzuen zerikusirik.

Euren gurasoak bisitatzeko 1.000 kilometro baino gehiago egin beharrak sortzen duen neke eta tristura azaldu zuten protagonistek saio guztian zehar. Garik bere gurasoak bisitatzeko egin zuen bidaia izan zen saioaren hari gidaria. Euren gurasoek egindakoa epaitzeko tentazioa ekidin, eta gurasoei ezarritako zigorra, zigor bikoitza ere badela erakutsi zuen saioak.

“Sakabanaketak presoa zigortzeaz gain, presoaren familia eta gertukoak ere zigortzen ditu, zigor bikoitza ezarri zaigu”, adierazi zuen elkarrizketatuetako batek. Alabak, espetxean duen aitari bere urtebetzearen harira egindako bertsoarekin amaitu zen saioa, “ez gaituzte triste ikusiko / gu betik pozik kantari / berdin baitigu 40 urte / edo badira 102”.