Santutxuko Karmelan egin duten agerraldian, gurasoak (ama, aita edo biak) espetxean duten umeek eta gazteek, urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestazioarekin bat egin dute.
"Motxiladun haurrek" urtarrilaren 13ko manifestazioarekin bat egin dute. Astebururo urruneko espetxeetara bidaiatu behar dute beraien gurasoak ikusteko. "Motxila beti gainean edukita", senideak ikusteko era bakarra hori izaten da, eta batzuentzako bidaia luzea izaten da.
Asteazkenean egindako agerraldian azaldu dutenez, "ikasgelako lagunak etxera iristean, telebistako emanaldi gogokoena noiz agertuko zain egoten diren artean, gu gure gurasoen gutunen esperoan egon ohi gara". Egoera honek, eta hainbat kilometro egin beharrak, haurtzaroa lapurtzen diela salatu dute.
Horrez gain, Gabonetan egoera hau txarrera doala adierazi dute. "Ez gara inoiz elkarrekin egon Olentzerok eta Mari Domingik ekarritako opariak zabaltzen, eta familia kide guztiak mahai beraren inguruan jaten egon, edo gabon muxu bat hartu. Aitak ez daki gure etxea nolakoa den, ez da inoiz bertan egon".
Egoera hori aldatzen hasteko, urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestazioarekin bat egin dute. Lehen beste kolektibo batzuek egin bezala, manifestazioan parte hartzeko deialdia zabaldu dute.
Albiste hau Uriola.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.