argia.eus
INPRIMATU
Gune autogestionatuen defentsa, feminismoa eta errepresioa

Kolgadxk talde antierrepresiboa 2021eko apirilaren 16a

2019ko urtarrilaren hasieran, “Aldaketaren Gobernua” deiturikoa oraindik agintean egonik, Iruñeako Alde Zaharrean bertako eta inguruko militanteek eraikitako Maravillas Gaztetxearen hustutzea burutu zen. Horren aurrean herri mugimenduaren partetik erantzun gogorra eman zen. Urteko lehen aste horietan manifestazioak, elkarretaratzeak, tamaina guztietako pankartak, prentsaurrekoak, salda eta txokolatada ere izan genituen. Eta horiekin batera, botila eta gomazko pilotez jositako istilu klasikoak, mota ezberdineko poliziaren bortizkeria, Altsasuko batzokiaren hormatzea, kazeroladak, errepide mozketak, autobusetan egindako margoketak eta Geroa Bairen fatxadan botatako arrautzak ere ikusi izan genituen, besteak beste.

Irudimen kolektibo matxistak buru-berokidunak, ekintzaileak, batzarretakoak… gizonezkoak zirela pentsatzera eraman gaitzakeelakoan, bi aste horietan feministok ere herri borrokan murgildurik ibili ginela esan beharra dugu. Eta espazio publikoan emakume, bollera eta trans borrokalari gisa ikustarazi ginen, ekintza zuzena salaketa-tresna gisa erabiliz; bake soziala, jabetza pribatua eta legezkotasuna bezalako oinarriak zalantzan jartzeak zerikusi handia baitu feminismoarekin.

Horregatik, ekintza feminista ez misto bat burutu genuen; bi kide Iruñeako Vergel zubian eskegi ziren alde batetik bestera heltzen zen soka bakar batez, errepidea moztuz. Ekintzak babes zabala izan zuen eta erreskatea asko korapilatu zen, kolore desberdinetako poliziaren eta azpiegitura handiaren beharra izan zutelarik eskegitako bi kideak handik ateratzeko.

"Orain bi urte feminismoa ekintza zuzenaren eta okupazioaren esparruan kokatu genuen bide mozketa ikusgarri baten bitartez. Jasotako errepresio ekonomiko latzari (25.000€) pandemia garaietan aurre egitea da gaur erronka"

Ekintza honen bidez gure auzoko Gaztetxearen hustea eta ondorengo militarizazioa publikoki salatu nahi izan genuen, eta Euskal Herriko Gaztetxe guztietan emakumeak, bollerak eta transak, militantziaren egunerokoan lan eta lan aritzen direla azpimarratzea ere. Askotan borroka mistoetan zailtasunak ageri badira ere feminismoa okuparen o-arekin idazten dugu, eta argi daukagu sistema kapitalista heteropatriarkalak dakartzan Estatu-indarkeria ororen aurka gaudela; sistema heteropatriarkal horrek, irensle eta aseezin, gure auzoekin espekulatzen baitu gure bizitzekin, gure sexualitatearekin, gure gorputzekin eta gainerako esparru guztiekin bezainbeste.

Antolatzeko, borrokatzeko eta gure proiektuak garatzeko espazioak erasotzen dituztenean bere lege zibikoei men eginez isilik geratuko ginela uste bazuten, gurekin jai izan zuten. Gure gorputzak jarri genituen espazio horiek defendatzeko, gaztetxeak, zentro sozialak eta espazio okupatu eta autogestionatuak historikoki feministok ere bizi izan baititugu eta gure lurralde ere baitira.

Eta nola ez, iskanbilaren ondoren errepresioa etorri zen. Prozesu penala gainditu ondoren, Euskal Herriko hainbat lekutako 20 kidek 25.000 euroko isuna ordaindu beharko dute Mozal Legeak eta haren logika suntsitzaileak ezarritako zigorretan, soilik ekintzari babesa emateagatik. Horrekin batera, errekurtso amaigabeak, ezespenak, errekurtsoei errekurtsoak eta banku-kontuen enbargoak ditugu. Zapalkuntza ugarietan oinarritutako logiken aurkako edozein mehatxu desagerraraz dezakete bere armategi polizial eta burokratikoaren bidez, halaber, froga objektiboak aurkeztuta ere zuzenean polizien bertsioak egitzat hartuz edo beraiek ere errespetatzen ez dituzten epe eta tranpa burokratikoen bidez.

Baina beldurrak ez gaitu geldiarazten. Zutik jarraitzen dugu indarkeria ekonomiko horren aurka. Eta elkarrekin egiten dugu. Baldintzarik gabeko babesa ematen diguten abokatu nekagaitz, serigrafiatzaile, bertsolari, artista, lagun eta gune sozial ezberdinetako emakume, bollera eta transak ditugu babesle. Bakartuta nahi gaituen pandemia testuinguru honetan aurrera egiten dugu; errepresioa ikusarazteko eta elkartasun-sareetara modu kolektiboan jotzeko jardunaldi eta ekitaldi handirik gabe bada ere. Egun, poltso serigrafiatuak, laminak eta guk eskuz batutako oliben olioa saltzen ditugu, saskiak zozketatu, eta aukera dagoen bakoitzean ekitaldi txikiak antolatzen ditugu Iruñan zein Euskal Herri zabalean zehar.

Horregatik guztiagatik, borrokak ikusezin bihurtu dituzten garai hauetan eta gure ekintzan izandako isundu guztiak babesteko, elkartasun politiko eta ekonomikoa esker onez jasoko dugu: donazioak eginez, gure poltsak erosiz (Katakrak, Halabedi, Eskulanen Etxea edo enkarguz), laminak, olioa, ekitaldi txikietara gerturatuz, proposamen eta ekarpenak eginez, eta abar. Aldez aurretik eskerrak emanez luzapen honekin batera aurrerantzean antolatuko ditugun jardueratan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

 

Harremana edo ekarpen ekonomikoak:

kolgadxk@gmail.com

Instagram: @Kolgadxk

Gorra borroka feminista eta gora okupazioa eta autogestioa!