Erripako kaian euskaltzale ugari bildu dira euskaraz libre aritu ahal izateko sortu den mugimenduaren aurkezpenean. “Urte luzez bilbotarrek egindako lan ikaragarriaren ondorio eta ondorengo” izango dela adierazi dute.
GUKAk Bilboko euskaltzaleen “plaza askea” aurkeztu dute Bilbon. Denbora luzez hiriburuko ehunka euskaltzaleek egindako lanaren ondorio dela adierazi dute. “Hausnartzen, elkartzen eta marrazten” egon ondoren, euskaraz libre aritzeko sortu den mugimendua aurkeztu dute.
2021eko VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, Bilbon 103.631 euskal hiztun bizi dira eta euskaldun hartzaileak 66.172 dira. Euskararen Erabileraren Kaleko Neurketaren arabera, erabilera %3,5ekoa baino ez da. Mugimenduak horren aurrean “euskalgintzaren egungo erronkei aurre egiteko prest” dagoela nabarmendu dute eta “egiteko, eragiteko eta eginarazteko” proposamena adierazi dute.
Ostegunean Bilboko euskaltzaleek ondorengo mezuak erakutsi dituzte aurkezpenean: saretu, justizia, unibertsala, aliantzak eraiki, aisialdia, jaiak eta kultura euskaraz edota salbazioa azkar. “Mugimendua gara, GUKA gara” mezua zabaldu dute sare sozialen bitartez aurkezpenaren ondoren.
GUKAk bi ildo izango dituela azpimarratu dute, “euskararen arnasguneak indartzea eta gehiago sortzea” eta “euskararen aldeko mugimenduaren nondik norakoak, zergatiak, helburuak eta zabalpena”, Berriak jaso duenez. Mugimenduko kideek adierazi dute euskararen aurkako “ofentsiba ideologiko, politiko eta juridiko bete-betean, Bilbon zapaldu, bazterreko zein bigarren mailako hiztun” izateari utzi nahi diotela, Naizek zabaldu duenez.