Azaroaren 8tik 11ra bitartean egingo da GUK75, Agurainen 75 ordu euskaraz, Agurainen euskara egunero erabiltzeko dei egiteko kanpaina. Parte hartzen duten herritarrek edozein esparrutara eraman ahal izango dute euskara lau egun horietan. Hori posible egingo duten erakunde eta negozioei eskerrak eman dizkiete antolatzaileek.
Adierazi dutenez, “euskararen alde egotea jarrera bat da, euskararen erabilerari bidea emateko jarrera bat”. Harremanetan jarri dira herriko kolektibo eta negozioekin, eta jarrera hori egunerokoan islatzea proposatu diete.
Besteak beste, begirale euskaldunak kontratatzeko eskatu diete egun horietan zehar jardueraren bat eskainiko duten kolektiboei. Saltegiei dagokienez, harrera egiten duenak euskaraz egiteko, eta jakin ezean keinuka komunikatzeko eskatu diete. Eta bestelako erakundeei paisaia linguistikoa euskaratzeko eta komunikazio bideetan (e-mailak, oharrak…) euskaraz idazteko galdatu diete.
Horren harira, kanpaina aurrera eraman ahal izateko herriko negozio eta kolektiboek eskainitako laguntza ezinbestekoa izan dela azaldu dute. Orotara, Aguraingo 130 kolektibo, erakunde eta saltegik hartu dute euskararen erabilera errazteko konpromisoa. Horiei eskerrak emateko, ekitaldi bat egingo dute azaroaren 8an arratsaldeko 20:30ean Aguraingo Zabalarte etxean.