argia.eus
INPRIMATU
Guk “txio”, politikariek zergatik ez?
  • Twitter eta euskara: Politikarien lanetako bat da hizkuntzaren normalizazioa bultzatzeko egunero txioz txio, euskarari behar duen balioa ematea.

Urtzi Odriozola @urtzai 2014ko martxoaren 18a
(Irudia: Joseba Larratxe)

Gero eta gehiago ikusten ditugu gure politikariak teknologia berriak erabiltzen. Garaiak aldatu dira eta komunikatzeko bideak ere bai. Sare sozialek, herritar arruntarekin zuzeneko elkarrekintza eskaintzen diete eta horretan buru-belarri dihardute. Baina zenbaterainoko garrantzia ematen diote erabiltzen duten hizkuntzari? Zenbat euskara erabiltzen dute? Berriak martxoan eta irailean ateratako Twitterreko laginen arabera, politikariek oro har gaztelania erabiltzen dute. Baita alderdi abertzaleetako kideek ere. Iraileko emaitzak benetan argigarriak dira, kontutan hartu dituzten 19 politikari elebidunetatik 7k bakarrik erabiltzen dute %50 baino gehiago euskara. Horietatik bik ia erdi eta erdi egiten dute beren jarduna. Esan gabe doa, aztertu gabeko politikari erdaldunen estatistiketan hutsaren aurrekoa dela euskararen presentzia.

Bestalde, Twitterreko euskaldunen jarduna zuzenean jarraitzen duen tresna bat ere badugu: Umap. Aurreko datu horiek Umapekin konparatzen baditugu, portzentaiak nabarmen jaisten direla ikusten dugu. Umapek aurreko otsailetik hartzen baititu datuak eta politikariek eginiko txioak bakarrik ez, hauen gomendioak edo “bertxioak” ere kontutan hartzen baititu denbora errealean.

Hainbat politikariren jarduna gertutik jarraitu ostean, eta ikusten dudan joeragatik, politikariek lelo edo kontsignetarako erabiltzen dute batik bat euskara. Eta aldiz, gaztelera garrantzitsuagoak iruditzen zaizkien kontuetarako. Kontuan hartzekoa da baita, euskarazko interpelazioei ere hizkuntza berean erantzuten dietela. Euskaraz adibidez, mota honekoak dira:

“Kataluniako Diadan gaur [argazki batera lotura]”

Aldiz, gazteleraz:

“Nueva regulación eléctrica PP penaliza a las empresas vascas. Al 87% se le ha incrementado + de un 20% la factura.¿Hablan de competitividad?”

Gainera, bestelako hizkuntzak ere tartean daude (ingelesa, kataluniera...) baina oso hondarrekoak dira bi hizkuntza nagusi horiekin alderatuz. Umapek eskaintzen dizkigun azken datu hauek orientatiboak dira, automatikoki sailkatzen direnez errore txiki bat baitute. Baina joerak garbi ikusten dira eta norberak daukan iritzi subjetibora asko hurbiltzen dela uste dut. Hots, gaztelera asko erabiltzen dutela baita politikari abertzaleenek ere.

Euskararen erabilera horren urria izateko hainbat faktore daude: bizitza pertsonala (inguru soziolinguistikoa), alderdiaren norabide politikoa, komunikazioa beste helburu batzuen gainetik izatea eta abar. Baina gizartearen erreferentzia eta eredu diren heinean ez lukete hizkuntzaren afera alde batera utzi behar. Ez bederen honen normalizazioaren bidean lerrotuta badaude. Euskara oso osagai garrantzitsua da gure herri txiki honetan, alde batera utzia izateko. Julen Arexolaleibak esan zuen moduan, "Guk hizkuntza asko ditugu, baina euskarak gu bakarrik gauzka". Hori horrela da, norberak egin behar baitu bere baitan lehenengo iraultza. Baina hizkuntzaren berreskurapenaren gako garrantzitsuenetariko bat Imanol Alvarezek berak idatzi zuen aldizkari honen lerroetan. Federiko Krutwigek proposatu omen zion Txillardegiri euskal herrietatik igandetan frakez jantzita eta euskaraz eginez paseatzeko, modu hartan herri xumeak, boteretsuek euskaraz egiten zutela ikusita, garrantzia emango zion euskarari eta euskaraz aritzeko lotsa galduko zuela. Hara hor, politikarien lanetako bat normalizazioan. Egunero tantaz tanta edo kasu honetan hobe esan, txioz txio, euskarari behar duen balioa ematea. Eta politikariak aipatu baditut ere, berdin izan beharko luke kirolari, intelektual, kulturgile edota hemen bertako telebistako izarrekin ere. Izan ere, euskaraz aritzeak abantaila handi bat badu hori gertutasuna da. Luistxo Fernandezek behinola esan zuen “erdaraz diharduzun bitartean masa zara; euskaraz norbait zara”. Eta hau egia borobila dela baieztatuko dizuen zenbait euskal musika talde behintzat badaude, ezta? Alabaina, euskaraz aritzea hori baino gehiago da. Mundu anitzago, aberatsago eta justuago bat eraikitzeko bidean jardutea da. Naturako bioaniztasuna bezala, bizi garen munduak kultur aniztasuna behar duelako. Mundua ikusteko perspektiba edo betaurreko desberdinak edukitzeak aberastu eta gizaki bezala osatzen gaituelako. Gizateriaren jakinduria osoaren zati txiki bat delako...

Hitz potolo eta urrunak agian askorentzat. Baina, etxe alboan ere badu zeregin garrantzitsu bat. Bertakoa eta denona den altxorra berreskuratzeaz batera, bizi dugun gatazkan, kohesio bide den eremu bat lantzea alegia. Sareak eta Twitterrek bereziki aukera oso onak ematen ditu horretarako. Hizkuntza moderno eta aberatsa daukagu. Eta interneten bereziki nahiko ondo garatua. Aprobetxatu dezagun beraz, balio guzti hauek transmititzeko, interneten baliabideak bozgorailu ezin hobeak dira eta.

2013ko urtekarian argitaratutako artikulua.