argia.eus
INPRIMATU
Guggenheimen zerga-salbuespena berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak
  • Ogasunak Guggenheim museoari lau artelanen inportazioagatik kobratu zion BEZa itzuli beharko diola ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak, Auzitegi Nazionalaren epaia berretsiz.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko ekainaren 13a
Calder, Joan MirĂ³ eta Gleizesenak ziren ekarritako artelanak (Argazkia:Tony Hisgett)

1998an lau koadro utzi zizkion New Yorkeko Guggenheim museoak Bilbokoari. Aldi baterako inportazioa zenez gero, urte hartan museoak ez zuen BEZa ordaindu, ez eta hurrengo urtean ere, baimenaren luzapena eskatu baitzuen.

2000. urtean ere eskatu zuen luzapena Bilboko museoak, baina Ogasunak eskaera ukatu eta artelanei zegozkien 605.712 euro ordainarazi zizkion. Guggenheim Fundazioak auzitegitara jo zuen.

2009an Auzitegi Nazionalak museoaren alde egin zuen, BEZaren Legeko 54. artikuluak biltzen duen museo edo galeriatan erakusteko aldi baterako artelanen inportazioen zerga-salbuespena oinarri hartuta.

Estatuaren Abokatuak helegitea jarri zuen, aldi baterako inportazio baimena behin bakarrik luza daitekeela interpretatuz. Auzitegi Gorenak ordea, bigarren luzapena onartzeko moduko ez-ohiko kasua zela ebatzi duenez, 605.712 euroak berreskuratuko ditu Guggenheim Fundazioak.