“New Yorkeko Guggenheimen laguntzaile ezinbestekoak gara, ez bezero hutsak”. Hitz horiekin defendatu du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak datozen 20 urteetarako Solomon Guggenheim fundazioarekin sinatutako akordioa.
Oposizioko taldeek eskatuta eman ditu Uriartek azalpenak EAEko Legebiltzarrean. Bere ustez, Bilboko museoa indartuta atera da hitzarmen berriarekin.
Zer sinatu den ez dago argi oraindik, besteak beste hitzarmena aste honetara arte ez delako Legebiltzarreko taldeen eskuetara iritsi –PSEk lehenago eskatu zuen, baina Jaurlaritzak hasieran dokumentua emateari uko egin zion–.
Finantzazioaz eta programazioaz zalantzak
EH Bilduko Estitxu Breñasek akordioaren finantzazioari buruzko zalantza agertu du: “Zergatik lotu da ordainketa dolarretan? Adituen arabera, pisua hartzen joango dira denborak aurrera egin ahala eta urtetik urtera ordaindu beahrreko kopurua handituko da”.
Finantzazioaz gain, oposizioak baditu zalantzak hitzarmenaren beste alderdi batzuekin ere.
PSEk adibidez, euskal arteari jaramonik ez egitea kritikatu du: “Programazio artistikoari buruzko erabaki guztiak New Yorkeko fundazioarekin adostuta hartu behar dira. Dagoen euskal gauza bakarra lau bekadun dira pare bat hilabetez eta New Yorkera bidaiatuko duten bi artista hasiberri”, adierazi dute Uriarteri erantzunez.