Erakunde publikoek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim fundazioarekin sinatutako hitzarmenaren inguruko xehetasunak emango ditu Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Datozen hogei urteetarako sinatu zuten hitzarmena abenduan eta tratuaren zifra ekonomikoak ezagutaraziko ditu Uriartek Eusko Legebiltzarrean.
Orain arte, hitzarmen berriak abantaila ugari ekarriko dituela azaldu izan dute Urkulluren exekutibotik baina ez dute eman hitzartutakoaren inguruko daturik. Hitzarmen berriarekin, 2,4 milioi dolar bideratuko dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak urtero museora. Alegia, 1,9 milioi euro baino gehiago ordainduko dituzte hitzarmen berriarekin. 1997tik 2014ra 1,77 milioi euro ordaindu zaizkio museoari urtez urte.
PSE-EEren eskaria
Vicente Reyes parlamentari sozialistak egin zuen Legebiltzarrean hitzarmenaren zehaztasunak ezagutzeko beharraren alde. Diru publikoa tartean dagoen hitzarmena denez, bere erabileraren xehetasunak ere publikoa izan beharko lukeela adierazi izan du Reyesek Eusko Legebiltzarrean.
Ideia hau defendatu dute oposizioko taldeek eta Uriarte behartu dute Gasteizko parlamentuan azalpenak ematera. Horren aurretik, hitzarmenaren xehetasunak azaltzen dituen dokumentua bidali die sailburuak sozialistei eta horrela jakin ahal izan da urteroko inbertsioa handituko dela Bilboko museoan.