argia.eus
INPRIMATU
Guggenheimeko garbitzaileek lortu dute soldataren %20ko igoera
  • Bederatzi hilabete greban pasatu ostean, akordioa itxi dute Ferrovial azpikontratarekin: soldata gordina 23.500 eurotik gorakoa izango dute eta lanaldi partzialak lanaldi oso izango dira.

Leire Artola Arin 2022ko martxoaren 21
Bederatzi hilabeteren ostean lorpenak ospatu dituzte. / Argazkia: ELA.

Esperotakoa baino gehiago luzatu da Bilboko Guggenheim museoko garbitzaileen greba: ekainaren 11n hasi zuten lanuztea, eta martxoaren 23an itzuliko dira lanera, baina baldintza hobeekin. Ferrovial enpresa azpikontratarekin hitzamen bat lortu dute, eskatzen zituzten helburuetara hurbiltzen dena. Hain zuzen, %20 altuagoa izango da museoko langileen soldata, eta lanaldi partziala ezabatzea lortu dute; aurrerantzean lanaldi osoak izango dituzte denek.

ELA sindikatuak zoriondu egin ditu langileak, eta azpimarratu du lorpena baliagarria izango dela garbitasun sektoreko gainerakoen baldintzak hobetzeko. Guggenheimeko hamahiru garbitzaile zeuden greban (ia denak emakumeak), eta, besteak beste, soldata arrakala baztertzeko exijitzen zuten. Sektore feminizatua izanik, kale garbitzaileekiko soldata arrakala salatzen zuten. Bada, arrakala ezabatu ez baina murriztea lortu dute: lehen baino 3.400 euro gehiago irabaziko dituzte urtean, eta 2024rako helduko dira soldata gordina 23.500 eurotik gorakoa izatera.

Museoaren aurrean elkartu dira langileak, eta hilabetetan protestarako baliatu duten tokian orain ospakizunerako bildu dira. Halaber, garbitzaileen borrokaren testigua Bizkaiko Epaitegietako grebalariei eman diete.