argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Guggenheimeko garbitzaileek hitzarmen bat negoziatzea eskatu dute
  • Ekainaren 1etik daude greban, besteak beste, soldata arrakalaren aurka. Emakumeak dira denak, eta salatu dute 900 euro baino gutxiagoko soldata eta "lan-karga jasanezina" dituztela.

Leire Artola Arin 2021eko abenduaren 07a
178. greba eguna izan dute astelehenean garbitzaileek. / Argazkia: @mrafundazioa

Astelehenean 178. greba eguna izan dute Bilboko Guggenheim museoko garbitzaileek, emakumeak guztiak. Museoaren aurrean elkarretaratzea egin dute, “gatazka luzeari” amaiera emango dion hitzarmen bat negoziatzeko eskatzeko. ELA sindikatuak enpresei eta erakundeei eskatu die langile horien “lan-diskriminazioa amaitzeko”. Ekainaren 1etik soldata-arrakala ari dira salatzen garbitzaileak: hilean 900 euro baino gutxiagoko soldata eta “lan-karga jasanezina” dituzte.

Halaber, ELAk salatu du langileen greba eskubidea urratzen ari direla Guggenheim museoa zein Ferrovial Servicios enpresa, alegia, museoak kontratatuta duen garbitzaile enpresa. Grebalariei dagozkien eremuak garbitzen ari direla kritikatu dute, Bilboko Udalaren laguntzaz, eta Lan Ikuskaritzan salatu du sindikatuak.