argia.eus
INPRIMATU
Guggenheimek Gernikan ireki gura du bigarren museoa, Sukarrietako aukera baztertuta
  • Iazko abenduan Guggenheim Fundazioak 2018-2020 eperako plan estrategikoa onartu zuen eta bertan, Bilboko museoaren hedapena berriz ere mahai gainean jarri zuen. Bi hilabete eskas pasata jakin da Gernika-Lumo duela helburu orain frankiziak, Sukarrietako museo-proiektua baztertuta.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2018ko martxoaren 14a
Bilboko Guggenheimen hedapena izango litzateke bigarren museoa.

Iñaki Estebanek –El efecto Guggenheim saiakera idatzi zuen 2007an– El Correo egunkarian publikatu ditu Gernikako balizko operazioaren zenbait xehetasun astearte honetan. Azaldu duenez, Bilboko Guggenheim zuzentzen duen Juan Ignacio Vidarte Gernikan izan zen otsail hasieran, museo berria irekitzeko kokalekuen peskizan.

Hiru aukera posibleren berri eman du Vocento taldeko berripaperak: mahai tresneria ekoizten zuen Dalia fabrika zaharra, gaur egun Bizkaiko Foru Aldundiaren esku dagoena; Urbietako futbol zelaia; eta Muruetako ontziolak. Horiez gain, beste aukera batzuk ere izan daitezkeela dio Estebanen artikuluak, gehiago zehaztu gabe.

Dalia fabrikak dauzka, informazio horren arabera, aukera gehien, 18.000 metro koadroko azalera baitauka eta ondoan baitu 3.000 metro koadroko beste eraikin bat, Gernikako Udalarena.

Esplorazio fasean dago proiektua oraingoz eta Vidartek El Correori esplikatu dio museo gisa ezin dutela erabakirik hartu, Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak daukatelako azken hitza.

Edozelan, badirudi Guggenheimen bigarren eraikina behin betiko urrunduko dela Sukarrietatik, han martxan jarri gura zuten egitasmoari krisiak eta erakundeen arteko desadostasunek ataka jarri ondoren.

Proiektu haren eta Gernikakoaren artean bada loturarik, nolanahi: plan estrategiko berriaren laburpenean irakurtzen denez, “esperientzia museistiko berritzaile eta bakan baten bidez, artea, natura eta paisaiaren edertasuna konbinatzea” da oraindik xedea, “ingurune ez-urbano batean (Bilboko museoaz bestela)”. Sukarrietako proiektua plazaratu zenean erabilitako erretorikaren oso antzekoa du, beraz, Gernikako proiektuak.