argia.eus
INPRIMATU
Guggenheim Urdaibai: trikimailuaren tuturra

Joseba Barrenetxea Altuna 2023ko azaroaren 06a

Guggenheim Urdaibai proiektua ez da gaurkoa, badira hamaika urte Sukarrietan gauzatu nahi izan zutela, eta gelditu genuen, herriaren jardunak bertan behera bota zuen Bastidaren eraikina eraitsiz museoa eraikitzeko Bizkaiko Diputazioaren eta Guggenheim fundazioaren asmoa. Orain ere geldituko dugu bigarren saiakera hau, eta geroko balizko saiakera guztiak ere, ez gara geldi geldituko betiko gelditu arte.

Urdaibai ez dagoelako salgai, berton bizi nahi dugulako, langileok gure itsasertzez, mendiez, larrez, ibaiz, itsasoz, basoz, kalez... gozatu nahi dugulako masifikaziorik gabe, kaleetan, dendetan, tabernetan eta edonon euskara entzun nahi dugulako jendearen ahotan.

Gutxi batzuen interes ekonomikoek ezin dute eskualde oso baten etorkizuna hipotekatu, herritarron borondatearen kontra gainera.

Guggenheim icebergaren tuturra baino ez da... trikimailu lotsagabe honen sakoneko asmoa Urdaibai aberatsentzako opor gune exotikoa bihurtzea da ‘natura’ marka salduz, horretarako natura txikitu behar badute ere

Biosfera Erreserba den honetan naturari, bizi kalitateari, hizkuntzari, kulturari... negatiboki eragingo dien egitasmo zentzugabea ezin dugu onartu.

Herritarron informazio eskubidea urratuz, erreserba babesteko araudi eta lege guztien kontra, ikusmolde lukurra inposatuz, hemendik kilometro askotara diseinatutako kultura eta artea inportatuz (eta inposatuz), hemengo artea eta kultura baztertuz eta hiltzera kondenatuz.

Guggenheim icebergaren tuturra baino ez da... trikimailu lotsagabe honen sakoneko asmoa Urdaibai aberatsentzako opor gune exotikoa bihurtzea da "natura" marka salduz, horretarako natura txikitu behar badute ere, "kultura" bandera gisa dutelarik, baina bertoko kulturarekin akabatuz.

Urriaren 28an adin, lanbide eta jatorri desberdinetako milaka herritarrok Gernikako kaleetan aldarrikatu genuen gure iritzia eta erabakia: Guggenheim Urdaibai Stop!

Orain, agintariei dagokie herriaren erabakia errespetatzea eta betetzea, gaur, bihar baino hobeto.

Joseba Barrenetxea Altuna, Busturiatik