2021ean hasi ginen Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruko lehen oihartzunak entzuten…Bai ala bai egingo zela esan zigun orduko Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Bere esanak indartzeko, 40 milioi euro utzi zituen “blindatuta” museoak eraikitzen zirenerako. Hor ba! Hortxe daude, Azpiegitura SL erakundearen biltegian, egonean. Pasatu da denbora ordutik, eta Elixabete Etxanobe ere heldu zaigu Aldundira. Hantxe aurkitu zuen mahai gainean Guggenheim Urdaibai proiektua. Barkatu… Ideia, ideia, ideia… Eider, gogoratu ideia bat besterik ez dela!
Lau urte hauetan, eskatu dugu proiektua, eskatu ditugu azalpenak, eskatu ditugu ardurak, eskatu ditugu bilerak, eskatu dugu laguntza (han eta hemen) eta eskatu dugu prozesu parte-hartzaile bat, bai… horrela da, erakutsitako jarrera inposatzaileen aurrean, eskatu dugu herritarren eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren prozesuak zabaltzea, martxan jartzea, Aarhus Konbenioa errespetatzeko. Kalera atera gara, bitan. Bete egin ditugu Gernikako kaleak. Bitan. Eskatu dugu entzun gaitzatela, herria entzun dezatela. Horixe izan zen gure leloa urriko manifestazioan: Hemen dago herria. Entzun!
Bitartean, administrazioak, gor-mutu, proiektu ezaren atzean ezkutuan. Bestalde, ederto atera diete zukua guztionak diren komunikabideei: proiektuak (barkatu berriro ere, ideiak…) ekarriko dituen “ustezko” onurak goraipatuta. “Artefaktoa”ren (horrela ez dut hankarik sartuko) aldeko kanpaina. Irmotasunez, serio, sarritan gezurtxoak erabilita eta, bestetan, egia erdiak esanda: “Proiektu honen eskutik etorriko ei da lurren eta akuiferoaren deskutsatzea, Astilleroa Biosfera Erreserbaren bihotzetik ateratzea…”. A ze pagotxa! Guggenheim Fundazioak dirutza inbertituko du Busturialdean! Zorionekoak gu! Bat, bi, hiru… itzartu! Errealitatea kontrakoa da. Gure dirua erabiliko du fundazioak, zabaltzeko. Hitzok ere kanpainaren parte dira. Herritarrek proiektua onartzeko era bakarra. Omnibusa. Dena irentsi edo miseria. Estrategia.
Egoera konplexua da. Zuhurtziaz hartu beharrekoa. Lehendakari Agirre Centerrek enkargu bat jaso duela gogoratuz, kontratupeko enkargua. Eta argi izanda entzuketa prozesua ez dela loteslea izango
Plataformak lan handia egin du hori guztia azaleratzeko, salatzeko. Herritarrak informatzeko, mobilizatzeko… eta hara! Berandu, oso berandu, baina hemen gaude, berehala martxan jarriko den entzuteko prozesuaren aurrean.
Baina, kontuz! Entzuteko prozesu hau berandu, inolako garantia barik eta kontraesan handiekin dator.
- Berandu: Proiektu horren inguruan erabaki asko hartuta daudelako: museoen kokapenak, esplotatuko dituen frankiziaren izena, baita bideragarri egiteko aldatuko diren lege eta arauak ere. Hitzarmen lar sinatuta.
- Garantia falta: Argi esan digute, prozesu honek irauten duen bitartean, bideragarritasuna lortzeko lanekin jarraituko dutela. Munduan modan dauden agintari inbaditzaileen estilora: bake bidean elkarrizketak hasi bai, baina bitartean bonbatxo batzuk bota, lurrak lapurtzen jarraitzeko. Ez dirudi, ba, bidezkoa! Benetako borondatea balego, ekintzok gelditu egin beharko lirateke. Estrategia. Eta edozein prozesutan gakoa dena: Zertarako? Zein helbururekin egiten da halako prozesu bat? Benetako borondatea balego, herritarren iritzia aintzat hartu eta errespetatzeko. Esandakoari kasu egiteko. Borondatea barik, estrategia balego, kontra dagoen gizartearen parte kritikoa neutralizatzeko. Galduta dituzten kaleak berreskuratzeko. Inposizio zantzuak ezabatzeko. Estrategia. “Entzutea eskatu zenuten eta entzun zaituztegu. Inoiz ez gara gehiagotara konprometitu”. Txin pun! Prozesuaren emaitza ez dela loteslea izango argi esan dute. Beraz, bermerik ez! Bat bera ere ez!
-Eta kontraesanak… hainbat!
Alde batetik, neutraltasunari dagokiona. Izan ere, EAJk sortutako Agirre Lehendakaria Center kontratatu eta prozesua neutrala izango dela esan? Barkatu, baina hori ibilian ikusiko dugu. Bestetik, prozesuaren helburua: otsailaren 14an, prozesuaren aurkezpenean, Bengoetxeak eta Etxanobek esan ziguten Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Diputazioak Guggenheim proiektuari buruzko entzute-prozesu bat bultzatuko zutela Busturialdea-Urdaibai eskualdean; ostera, Agirre Lehendakaria Centerreko ordezkariek esan zuten Busturialdea-Urdaibairen etorkizunari buruzko entzute-prozesu bat egingo zutela. Enkargu bat eta bi mezu. Zein izango da, lehena ala bigarrena? Edo biak batera? Nik “artefaktua”ri buruz berba egin nahi dut eta eskualdera ekarriko lukeen etorkizun beltzaz. Orduan, zer?
Ez ahaztu otsailean eskualdea Lehentasunezko Jarduketa Eremu (LJE) izendatu zutela, Busturialdearen etorkizun oparoa erabakitzeko. Abenduan, plan sozioekonomiko estrategikoa martxan jarri eta gaur, 2. edo 3. fasean sartuta dago. Guk ere hartu genuen parte abenduko saioan. Orduan, “Foro honetan Guggenheim Urdaibairik ez”. Hura ez zela horretarako foroa, GUk bere foro propioa edukiko zuela. Horrela esan zidaten, eta ez tonu onean, gainera. Herritarren iritzia kanpoan utzita martxan hasitako plan sozioekonomikoa; plan nagusiari paralelo doan plantxoa besterik ez da, Guggenheim Urdaibai proiektuan inbertituko duten dirutza justifikatzeko. Aitzakiatxoa.100 milioi euro eman eta horiek inbertitzeko sei proiektu traktore bilatzen jarri partaideak. Eskualdea entretenituta mantendu. Bitartean, trakatan-trakatan, “artefaktua” aurrera doa. Estrategia.
Eta oraingo honetan, orduan, zer? Entzute honetan ez da “artefaktua”ren beharrizana bakarrik tratatuko? Edo “artefaktua” bai, baina beste hainbat konturen artean? Ez da, ba, orain dena nahastu nahi izango eta Guggenheim ideiaaaaa, beste beharrizan erreal eta kezka garrantzitsu batzuen artean diluituta utzi, ezta? Estrategia.
Lagin kontuan ere adi! 1.000 pertsona asko dira Busturialdera mugatzen bagara, baina txikikeria da EAEra zabalduz gero. EITBk eta beste komunikabide batzuek laster egin dute publiko email bat iritzia eman nahi duenak izena eman dezan. Jarriko da esandako muga? Busturialdea. Estrategia.
Egoera konplexua da. Zuhurtziaz hartu beharrekoa. Jokatu dezagun, baina seriotasun eta kontu handiarekin. Prozesu honen kontratatzaileak nortzuk diren ahaztu barik, helburu bat dutela jakinda. Lehendakari Agirre Centerrek enkargu bat jaso duela gogoratuz, kontratupeko enkargua. Eta argi eta garbi izanda prozesua ez dela loteslea izango eta prozesuak dirauen artean ere arau-aldaketek aurrera jarraituko dutela.
Ikusiko da…Dena dago ikusteko. Trena martxan dago, eta gu barruan goaz. Ikusiko dugu helmugara heltzen garen edo aurretik jaitsi behar dugun. Ez litzateke berri ona hori.
Adi, oso adi egongo gara ematen diren urrats guztietan. Eta noski, instrumentaziorik balego, guk parte-hartzea amaitutzat emango genuke.
Ez dirudi erraza, ez! Baina goazen, Busturialdea! Eman dezagun gure iritzia! Ozen entzun dezatela berriro ere gizartearen gehiengoaren nahia zein den eta, oraingoan, dokumentatu dezatela. Ez ahazteko.
Urdaibai ez dago salgai! Ezta prezioa negoziatuta ere!
Eider Gotxi Aurtenetxea