argia.eus
INPRIMATU
Guggenheim museoak hezitzaile guztiak kaleratuko ditu lan baldintzak hobetzeko eskaeren ondoren
  • Bilboko Guggenheim museoak hemeretzi langile kaleratuko dituela salatu dute museoko lan baldintzak hobetzearen alde mobilizatzen ari ziren langileek.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2016ko abuztuaren 30
Guggenheimen aurrean egin dituzte adierazpenak kaleratuak izateko arriskuan dauden langileek (argazkia: LAB).

Museoko hezitzaileen lanpostu guztiak suntsituko lirateke Guggenheimek egindako iragarpena betez gero. Hilabeteko epean utziko lituzkete lanik gabe. Kaleratzeko arriskuan diren langileek bost urte daramatzate museoan lanean eta nabarmendu dute azken urtea bakarrik kontuan hartuta 200.000 bisitariri eman dietela arreta. “Geu gara Museoaren aurpegia jarduera hezitzaileetan”.

Hemeretzi lanposturen ordez hiru

Kaleratu nahi dituzten langile guztiak ez dituzte ordezkatuko. Horren ordez, egun osoko hiru lanpostu sortu nahi ditu museoak kontratazio zuzenaren bidez.

Hemeretzi hezitzaileek jakinarazi dute Campo Ochandiano enpresak egingo duela hiru postu horien hautaketa-prozesua eta beraiek ezin izango dutela parte hartu. “Patronatuko instituzioekin oso lotuta dago enpresa hau”.

Erakunde publikoei erantzukizun eske

Instituzioek hartu duten jarrera ere salatu dute. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Bilboko Udala daude, besteak beste, museoaren aginte organoetan.

Beraien esanetan, Guggenheimeko Hezkuntza eta Interpretazio Saileko zuzendari Marta Arzakek eta Giza Baliabideetako Zuzendari Garbiñe Urrutikoetxeak jakinarazi diete Museoaren Zuzendaritzak “erabat babesten duela” aipatutako neurria. “Sinesgaitza” iruditzen zaie kaleratuak izateko arriskuan daudenei, “kontuan hartzen badugu hauek inongo momentutan ez dutela onartu ez langileekin ez haien ordezkaritza sindikalarekin komunikatzerik”.

Greba mugagabea irailaren 5etik aurrera

Langileak museoaren aurrean elkartu dira astearte goizean egoeraren berri emateko. Irailaren 5etik aurrera greba mugagabea iragarri dute.

Guggenheim museoko lan gatazka ez da afera berria: uda hasi zenetik ari ziren euren baldintza prekarioak salatzeko mobilizatzen. “Gutxieneko batzuen aldeko aldarrikapen” gisa jo dute orain arte egindakoa. Zerbitzuaren subrogazioa eta kategoria profesionalaren araberako soldata eskatzen zutela gogora ekarri dute eta horren aurrean agintariek hartu duten neurri bakarra hezitzaileak kaleratzea izan dela.