Salatuko dute martxan jarri nahi den proiektuak “behar pribatuei” erantzuten diela, ez eskualdearen eta bertako ingurumenaren beharrei.
Guggenheim Urdaibai Stop Plataformak agerraldia egin du Gernikako Astran (Bizkaia) eskualde horretan museoa eraikitzeko proiektuaren aurkako manifestazioaren berri emateko. Larunbat honetan, hilak 28, Gernikako Pasealekutik abiatuko da manifestazio “zaratasua” eta “egitasmo horrekin arduraduta” dauden herritar guztiak deitu dituzte mobilizatzera. Oro har, proiektu horrek “behar pribatuei” erantzuten diela salatuko dute eta eskatuko dute sortuko dituen ondorioekiko ardura har dezaten entzungor egiten ari diren erakunde eta alderdiek.
Urdaibaiko biosfera erreserban eraiki nahi dute museoa eta 60.000 metro koadroko eremua izango da, bi eraikinetan banatuta: bata, Gernika Lumon, Dalia lantegi zaharraren orubean; eta bestea, Muruetako ontziolan. Eider Gotxi plataformako kideak adierazi duenez, kezkatuta daude eskualdearen egoerarekin eta proiektu honek panorama okertuko lukeela uste du: "140.000 turista ekartzea proposatu digute. Hori gure inguruarentzat suntsipena litzateke". Eskualdeak bestelako lehentasun eta behar batzuk dituela azpimarratu du: ur horniduran, saneamenduan, garraioan… dituzten arazoak konpontzea, hain zuzen.
Iker Gonzalez, plataformako kideak, asteartean eginiko agerraldian azalerazi du, gobernantza eredugarria aplikatuz, demokratikoki eta herritarren parte hartze zuzenarekin bidez eskualdeko herritarrei dagokiela erabakitzea zer nahi duten eskualdearentzat. Salatu baitute proiektu hau “Bilboko Guggenheim museoaren beharrizan bat dela”, eta ez eskualdearen beharrizanak beteko dituen proiektu bat.
Atxikimenduak
Dagoeneko dozenaka kulturgile, talde ekologista, alderdi politiko, eragile zein sindikatuk bat egin dute larunbateko manifestazioarekin: BaSOS elkartea, Friday For Futureko hainbat kide, ingurumenean adituak direnak... besteak beste.