argia.eus
INPRIMATU
Guggenheim Bilbao Fundazioa zigortu dute grebarako eskubidea urratzeagatik
  • 2016an greba egin zuen eta ondoren kaleratua izan zen langile bati 6.251 euroko kalteordaina ematera eta hura berriz ere kontratatzera zigortu dute Guggenheim Bilbao Fundazioa, grebarako eskubidea urratu duelako.

ARGIA @argia 2018ko martxoaren 27a
Guggenheimen lanean aritu ziren hezitzaileak, 2016ko argazkian, euren egoeraren berri emateko prentsaurrekoan / LAB

2016ko udan, Museoak azpikontratatutako Manpower Group Solutions SLU enpresako hemezortzi hezitzailek, LAB sindikatuan antolatutakoek, grebak egin zituzten, "lizitazio pleguetan subrogazio klausula txertatzea eta jasaten ari ziren lan eta soldata baldintza oso prekarioetan hobekuntzak aldarrikatzeagatik", sindikatuak jakinarazi duenez.

Guggenheim Museoa Fundazioaren erantzuna izan zen azpikontratatzen jarraitu nahi zuten zerbitzua internalizatzea, horretarako hiru langile soilik bideratzea eta aurretik zerbitzua eskaintzen zuten hemezortzi langileak kaleratzea. "Hiru langile horiek izan ziren greba egin ez zuten bakarrak", dio sindikatuak.

Pasa den urtarrilean atera zen bakarkako salaketa jarri zuten langileetako baten aldeko epaia, eta orain bigarrena, "emaitza berarekin", LABen hitzetan.

"LABetik modo oso positiboan baloratzen dugu, langileek urte eta erdi honetan jasandakoaren gainetik, pairatu zuten injustizia aitortua izan dela azkenean. Nabarmendu nahi dugu langileek euren eskubideen urraketaren aurrean eta gatazka osoan zehar izan duten jarrera borrokalaria, eta zoriondu egin nahi ditugu horregatik, beste behin erakutsi dutelako antolaketa eta borroka direla prekarietatearen aurka jarraitu beharreko bidea".