argia.eus
INPRIMATU
Guggenheim atariko ‘Puppy’ elkarrizketarako aitzakia
  • 100.000 euro biltzeko finantzaketa kolektiboko kanpaina jarri du martxan Bilboko Guggenheim museoak. Jeff Koonsen Puppy eskultura ezagunaren konponketa lanetarako behar dute dirua. Harrabotsa sortu du kanpainak sare sozialetan, museoko garbitzaileen grebarekin eta Urdaibaiko hedapenaren proiektuarekin batera hartuta jokaldiak ez baitirudi hain borobila. Diru-kopurua udazkenerako biltzea espero du Juan Ignacio Vidarte museoaren zuzendariak.

Peru Iparragirre @peruiparragirre 2021eko uztailaren 16a
Argazkia: Cat Burston

12,4 metroko txakurkumea irudikatzen du Koonsen eskulturak goitik behera estaltzen duten lorez jantzia. 1992an Alemaniako Arolson hirian egin zen erakusketa baterako prestatu zuen eskultura artista estatubatuarrak. 1995ean Sydneyko portuan jarri zuten, eta 1997an erosi zuen Solomon R Guggenheim fundazioak, Bilboko museo berriaren atarian jartzeko, inaugurazioko erakusketaren barruan. New Yorkeko Rockefeller Center plazan egon zen tarte batez, eta Bilboko Guggenheimeko bildumaren parte da bertara itzuli zenetik. Azken hamarkadetan bertan iraun du, eguratsaren menera, eta eskulturaren egiturak eraberritze lanak behar ditu.

Puppy New Yorken, 2000. urtean.
(Argazkia: Samuel Murray, Bart Barlow eta Patrick McMullan)

Ikusgarria da kanpotik, 38.000 lorek osatzen dute Puppyren ilaje koloretsua. Lana ere bada mantentzea: urtean birritan aldatzen dituzte loreak. Altzairuzko egitura batek heltzen dio loreek behar duten ongarriari: 25 tona inguru. Denborarekin, baina, eskulturak bizirik irauteko dituen mekanismoak zahartzen ari dira, ureztatze sistemak ihesak ditu, eta altzairuzko egiturako zati batzuk ere aldatu behar dira.

Koonsek azaltzen duenez, Europako eliza eta katedral Barrokoetako polaritateen arteko oreka nahi zuen ekarri obra batera. Horietan simetrikoa dena asimetrikoa denarekin elkartzen da, betierekoa modu efimeroan agertzen da, eta loreak, landareak eta animaliak egurrezko tailuetan. Puppy, beraz, kontrolari eta kontrola uzteari buruzko lana da bere aburuz: “Gure bizitzako momentu batzuetan kontrola oso garrantzitsua da, baina beste batzuetan kontrolak ez du lekurik”. Kontrol falta hori, bizitzaren indarrek gidatutakoa, erakusten du eskulturako loreen hazkuntza deskontrolatuak. Organikoa da Puppy, baina “bizitzaren energiaren” eta objektuak sortzeko dugun modu abstraktuaren arteko kontrastea biltzen du. Oinarrian, hala ere, ideia bikoitz bat dago. Batetik, lorezaintzaren historiari omenaldi bat, eta bestetik, jendearentzat funtzio espirituala izan dezakeen obra bat sortzea: jendea inguruan elkar dezakeena, transzendentziari buruzko elkarrizketan.

Hori da egoera eta obraren inguruko azalpena. Guggenheimen zuzendaritzak erabaki du herritarrei eta bisitariei eskatzea eskulturaren eraberritzerako behar den dirua. Museoak dagoeneko finantzaketa publiko esanguratsua eduki arren eta Espainiako Estatuko museoen artean sarrera garestiena duen arren, finantzaketa kolektiboa hautatu dute Puppy biziberritzeko lanak ordaintzeko. Nolabaiteko mezenasgoa da eskaintzen dutena: ordaintzen duenak obraren zati bat babesten du.

Argi utzi dute, hala ere, jasotzen duten dirua ez bada ezarritako helburura heltzen museoak jarriko duela falta den zatia, eta pentsatzekoa da jendeari dirua eskatzeak aurrekontuaren zati bat aurreztuko badu ere bere gain har dezakeela museoak eraberritzearen kostu osoa. Obraren zentzu orokorrarekin bat egiten du jokaldiak, baina ertz batzuk ere erakusten ditu.

Museoari, Puppyri bezala, loreak maiz aldatzen dizkioten arren eta publikoari kanpoalde erakargarria erakusten badiote ere, barrualdea funtzionarazten duena ez dago hain egoera onean. Horrela salatzen zuen orain dela bi egun Ane Zelaia Arieta-Araunabeñak, ELAko Bizkaiko zerbitzuetako arduradunak, Berrian:

“Kontua da museo bat ez dela altzairu eta titaniozko egitura huts bat, proiektu megalomanoetan edota dohaintza kanpainetan oinarritzen dena. Museoa bizirik mantentzen dutenak langileak dira. Ordea, Bilboko Guggenheimeko zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak —horiek dira erakundearen patronatukideak, Lehendakaria patronatuaren buru dela eta Diputatu Nagusia exekutiboarena— urteak daramatzate langileei tratu eskasa ematen, batez ere azpikontratazioaren bidez. Eta, orain, jakina, Puppyren antzera, kolokan da oinarria.”

Puppy New Yorken, 2000. urtean.
(Argazkia: Samuel Murray, Bart Barlow eta Patrick McMullan)

Azken hilabeteetan behin baino gehiagotan agertu da museoaren izena berrietan, eta ez bertako erakusketen harira. Izan ere, Guggenheim Museoa Urdaibaiko bi kokalekutara zabaltzeko proiektuak berriz ere harrotu ditu hautsak. Unai Rementeria Bizkaiko Diputatu Nagusiak hedapena Europako dirulaguntzak jaso ala ez egingo dela adierazi du, argi utziz zein den instituzio publikoen lehentasuna.

Bitartean, Bilboko Museoko garbitzaileak greban daude ekainaren 8tik lan baldintza duinak bermatu eta soldata arrakala gainditzeko. Emakumeak dira gehienak, azpikontratatuak, museoan bi hamarkadaz lan egin arren, eta hitzarmena zaharkituta geratu da. Arieta-Araunabeñak salatu duenez, zuzendaritzak ez du irtenbiderik eskaini, eta soldata arrakala bera ere ukatu du.

Sare sozialetan harrabotsa sortu du Puppyren eraberritzea ordaintzeko finantzaketa-kolektibo kanpaina martxan jarri izanak: jendeak ez du begi onez ikusi, adarjotzea iritzi dio. Gutxika, ordea, ari da dirua sartzen. 16.000 euro inguru markatzen du orain. Asko falta da, hala ere, jarri duten helbururako, asko dirutan eta ez hainbeste denboran, museoko zuzendariak, Juan Ignacio Vidartek, lanak udazkenean hastea espero baitu, eta ordura arte egongo da zabalik kanpaina. Bitartean, jendea ari da eskulturaren bueltan elkarrizketan, lan-baldintzen inguruan, muesoaren finantzaketaren inguruan eta instituzioen politika kulturalen inguruan.