argia.eus
INPRIMATU
Gueñes-Itsaso goi tentsioko linea bertan behera uztea eskatu dute
  • Gueñesetik Itsasora (Gipuzkoa) goi tentsioko linea elektriko bat sortzeko proiektua zabaldu zen 2011n. Alegazioen ostean, sei urtez stand-by egoeran egon da, eta orain, Espainiako gobernuak berriro aktibatu gura du, 2018an eraikitzen hasteko. Bada, egitasmoaren aurkako aldarria egin dute prentsaurrekoan EHNEk, Eguzkik, EH Bilduko hainbat kargudunek eta Garaiko alkateak. Proiektua bertan behera uztea eskatu dute.

Anboto @anboto 2017ko martxoaren 16a
EHNE eta Eguzkikoak, Zaldibar, Igorre, Antzuola eta Elgetako alkateak, eta Berriz, Zornotza eta Iurretako zinegotziak, gaur

26 herritan zehar igarota, 74 kilometroko ibilbidea izango du linea berriak, 30 metroko zabaleragaz. Ingurumenean eta herritarren osasunean kaltea ekarriko duela uste dute aurka agertu diren eragileek. “Lerroak minbizia-eragile direla dioten azterketak ugariak dira”, azaldu dutenez. Gainera, estatuan ezarritako esposizio neurriak zaharkituta daudela ohartarazi dute. “Gure osasuna eta ingurumena, beste behin ere, oligopolio baten mesedetan jartzea da linearen helburua”, kritikatu dute.

Linea sortzeko motiboa, “enpresa elektriko handiek negozioak mantentzea eta argindar fakturak igotzen jarraitzea” dela uste dute. “Benetako arrazoia, espainiar sistemaren gainprodukzioa Frantziara eramatea da”, gaineratu dute.

Udaletan hasi dira lurjabe kaltetuekin alegazioak garatzen. Berrizen, esaterako, aho batez onartu zuten atzoko bilkuran aurkako mozioa EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk. Udal teknikaria aurkako txosten bat prestatzen dabil, eta kaltetuei zein herritarrei  atxikimendua eskatuko diete. Iurretako udal batzordean ere aho batez egin dute aurka.

 

Albiste hau Markel Onaindiak argitaratu du Anboton eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.