argia.eus
INPRIMATU
Guatemalako hauteskundeak baliogabetzea eskatu du fiskaltzak
  • Guatemalako fiskaltzaren helburua da hauteskundeak irabazi zituen Bernardo Arevaloren kargua hartzea eragoztea. Arevalok “ustelkeria amaitzea" hitzeman zuen.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko abenduaren 12a

Guatemalako Fiskaltzak “estatu-kolpe saiakera” bat exekutatu du iragan ostiral honetan, Bernardo Arévalok urtarrilaren 14an kargua hartzea saihesteko. Hala izendatu du Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE), eta Rafael Curruchiche Guatemalako fiskalak proposatu du Arévalok irabazitako hauteskundeak “erabat baliogabetzat” jo beharko liratekeela “aktetan izandako irregulartasunengatik”. Azpimarratu duenez, akta ezabatuak eta Botoen Batzorde Hartzailearen sinadurarik ez duten aktak daude. Leonor Morales fiskalak gaineratu du erabilitako formatuak ez zirela magistratuen osoko bilkurak onartutakoak izan.

Baina Blanca Alfaro Hauteskunde Auzitegi Goreneko magistratuak adierazi du hauteskundeak ez direla inolaz ere errepikatuko: “Emaitzak baliozkotuta daude, ofizializatuta daude eta aldaezinak dira”. Gaineratu du, agintari hautetsiek ez badute kargua hartzen, “Konstituzioa haustea ” izango litzatekeela.

Arévalok azpimarratu du ekainaren 25eko eta abuztuaren 20ko bozketak “modu legitimoan” egin zirela eta beraz, emaitza baliogabetu nahi izatea “hauteskunde prozesua zaindu duten herritarrei eta haien erabakitzeko eskubideari iseka egitea” dela.