argia.eus
INPRIMATU
Guardiolak egindako erreferendumaren aldeko diskurtsoak prentsa aztoratu du
  • Erresuma Batuan harriduraz jaso dituzte Pep Guardiola futbol entrenatzailearen adierazpenak; espainiar estatuko prentsak aldiz, haserre bizian hartu du.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 12a

Pasa den larunbatean erreferendumaren aldeko martxaren ostean egin zituen Pep Guardiola entrenatzaileak adierazpenak. 40.000 lagun inguru batu zituen ekitaldiak, eta amaieran, katalanez, gazteleraz eta ingelesez irakurri zuen manifestua Manchester City-ko entrenatzaileak.

“Bozkatuko dugu, estatu espainiarrak nahi ez badu ere” edo “estatu autoritarioaren gehiegikeriei aurre egin behar diegu” bezalako ideiak izan dira azpimarratuenak. BBC, The guardian, The Telegraph, Daily Mail eta The Sun bezalako hedabideetan jaso dute berria

Adibidez, Daily Mail-ek “Manchester City-ko entrenatzailea ekimen independentista katalan baten liderra izan da” dio eta The Sun-ek “Guardiola politikan sartu da gobernu espainiarrari independentzia erreferenduma onar dezan eskatuz”. “Hitzartze zirraragarria” izan dela gaineratu dute.

Oso bestelakoa izan da prentsa espainiarrak eman dion trataera. Haserrea adierazi dute iritzi artikulu eta editorialetan El Mundo, ABC, La Razón edo El Españolen. Besteak beste, El Mundok “Pep Guardiola edo nola degeneratu demagogo batean” editoriala atera zuen eta iritzi artikulu baten izenburua “Gol-Pep de Estado” izan da, prozesu independentista estatu kolpe batekin parekatu nahian.

Inteligentziari eraso egin izana salatzen dute El Españolen. Hedabide guztietan Guardiolak Espainiako futbol selekzioan jokatu zuela gogoratu dute.