Asteazkenean ekin zion Laudioko enpresak labea hozteko prozesuari, Eusko Jaurlaritzako teknikarien bermearekin. Langileak haserre eta "engainatuta" azaldu dira erakundeen jarrerarekin: "Gu babestera joan eta langileen ondoan egon behar zuena, ez da egon". Ostiralean manifestazioa egingo dute SOS Aiaraldea plataformarekin batera.
Egun gogorra bizi behar izan zuten Laudioko Guardian Glass enpresako langileek asteazkenean. Goizean goizetik sumatu zituzten "kanpoko" pertsonen sartu irtenak lantegian, zuzendaritzak labea itzaltzeko asmoa erakutsi baitzuen.
Hasiera batean Osalaneko eta Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko teknikaririk gabe eman zuten labea itzaltzeko agindua, baina langileek uko eginda prozesu hori eten zuten une batez. Hala ere, azkenerako, teknikarien beraien bermearekin labearen hozte prozesuari ekin zitzaion goizeko 11:00etan. Hainbat ordutako kezka eta egonezaren ostean, langileen susmorik okerrenak bete ziren, beraz.
Eusko Jaurlaritzak esan du itzaltzean "labearen osotasuna eta segurtasuna" bermatuko dela, inbertitzaile eta proiektu berriak hartu ahal izateko. Hain justu Laudioko alkate Ainize Gastakak Euskadi Irratian asteartean adierazi zuen inbertitzaile bat egon daitekeenaren berri bazuela. Baina langileek ziurtatu dute labea bizkor eta beira barruan duela itzaliz gero ez dela erabilgarri egongo hemendik aurrera.
Langileek gogor kritikatu dute Eusko Jaurlaritzaren jarrera: "Langileak abandonaturik geratu dira berriro, etorri behar zuenak laguntzera eta langileen ondoan egon behar zuena, ez da egon, badirudi pintxoak jaten ari direla eta lotsagarria da", azaldu du Aitor Peral langileak Aiaraldea.eus hedabideak jasotako bideo batean.
"Jakin izan dugunagatik, bi orduz bilduta egon ostean erabaki dute prozesua hastea. Orain hozte prozesu hori abiarazita dago, baina ez da egin modu kontrolatuan, hasi duten moduan ez du atzera bueltarik izango. Hainbeste propaganda eta gero, Guardianek hasieratik zuen plana jarri dute martxan", esan du Maddalen Muguruza LABeko kideak.
Greba bertan behera, baina mobilizazioekin segi
Labea itzaltzen hasi ondoren langileek egindako bileran, oso haserre azaldu dira instituzioen "promesa faltsuekin" eta "babesgabezia" horrekin.
Ostegun honetan hastekoa zuten greba mugagabea bertan behera uztea erabaki dute, deialdiaren helburua labea piztuta mantentzea baitzen: "Dena den hurrengo egunetan mobilizazioak deituko ditugu, itxiera honen zentzugabekeria eta gaur gertatutakoa salatzeko", azaldu du enpresa batzordeak komunikatu baten bidez. Enpresa batzordean ELAk eta LABek dute ordezkaritza.
"Hemen argi geratu dena da multinazionalek edozein erabaki hartu dezaketela inongo baldintzarik gabe, ez dagoelako organorik benetako baldintzak eta mugak jarriko dizkiena holako erabakiak hartzerakoan –esan du Muguruzak– langileak gaur inolako tresnarik gabe utzi dituzte".
Ostiralean manifestazio bat egingo dute arratsaldeko 18:00etan SOS Aiaraldeak eta Guardianeko enpresa batzordeak Altzarrateko futbol zelaitik hasita Laudio erdiguneraino.