argia.eus
INPRIMATU
Labea itzaltzeko prozesua eten dute Guardianen, zuzendaritzak azalpenak eman bitartean
  • Asteazken goizean goizetik Guardianeko dozenaka langile elkarretaratu dira Laudioko lantegiaren aurrean, eta inguruko enpresatako beharginak ere batu zaizkie elkartasunez. Guardianek asteazkenean labea itzaliko duela adierazi du eta hori oztopatzeko asmoz bildu dira. Enpresa batzordeko kideak lantegiaren barruan daude momentu honetan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko urtarrilaren 29a
Aiaraldea

Guardianeko 171 beharginak euren lanpostuak defendatzeko borroka betean daude sartuta eta asteazken honetakoa egun mugarria izan daiteke, beira lantegiko labea itzaliko duela adierazi baitu enpresa estatubatuarrak, hautsita dagoela argudiatuta.

Hala, ELA eta LAB sindikatuek osatzen duten enpresa batzordeko kideek azaldu dutenez, goizeko 8:00etan labea itzaltzea agindu du enpresak, Osalan eta Industria saileko teknikariei itxaron ere egin gabe. EiTB.eus-ek Jaurlaritzako iturriak aipatuta zabaldu duenez, berriz, teknikariak jadanik lantegiaren barruan daude.

Asteazken goiz erdi partean, ordea, labea itzaltzeko prozesua eten egin dute behin behinean. Enpresako zuzendaritza, langileen ordezkariak eta teknikariak bilduta daudela azaldu du Naiz.eus-ek; WhatsApp bidez langileetako batek barrutik azaldutakoaren arabera itzaltze "kontrolatua" nola izango den azaltzen ari da zuzendaritza, eta enpresa batzordeko kideek eskatu dute halakorik ez egitea jardueraren "jarraipenerako soluzio bat mahai gainean izan arte".

Aiaraldea hedabideak azaldu duenez 05:00etatik aurrera dozenaka lagun elkarretaratu dira lantegiaren aurrean, Guardian ez itxi! dioen pankarta handi bat zabalduta atearen luze osoan. Bertako langileak dira, baina baita inguruko enpresetako beharginak ere; Laudioko alkate Ainize Gastaka ere bertan izan da, elkartasuna adierazteko. Inguruan Ertzaintzaren hainbat furgoneta ikus daitezke zabaldutako irudietan.

05:00etatik aurrera dozenaka lagun elkarretaratu dira lantegiaren aurrean, Guardian ez itxi! dioen pankarta handi bat zabalduta atearen luze osoan. Bertako langileak dira, baina baita inguruko enpresetako beharginak ere

Enpresa batzordeko kideak lantegi barruan daude jadanik. Hala ere, aurretik langileekin izan dira, eta adierazi diete Eusko Jaurlaritza ez dela beraiekin bildu, azaltzeko Guardian Glasseko zuzendaritzarekin asteartean azken orduan zer adostu duten.

"Ez dugu onartuko eskualdean 171 lanpostu suntsitzea"

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregik esan du Jaurlaritzak teknikari talde bat bidaliko duela, itzalketaren "fidagarritasuna eta segurtasuna ziurtatzeko". Nolanahi ere, sindikatuen esanetan enpresak labea itzaltzeko agindu du, teknikariei itxaron ere egin gabe.

Langileek fabrika atarian akordio horren lehen balorazioa egin dute: "Ez da langileekin zerbait adostua izan –adierazi du Maddalen Muguruza LABeko ordezkariak–, ez da prozesu bat planteatzen non bermeak dauden, hortaz, gu hasierako posturan mantentzen gara. Labea itzaliz gero ez dakigu ze aukera egongo diren. Gu orain planto egitera gatoz, eskatzen dugu egiten dena komitearekin konpartitua izatea; eta ez dugu onartuko eskualdean 171 lanpostu suntsitzea".

Labea langileek ezagutzen dute hoberen

ELAk asteartean eskatu zuen labearen itzalketa "kautelaz" geldiaraztea, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du onartu eskaria.

LABek, bere aldetik, Lan Ikuskaritzaren eta Lan Delegaritzaren aurrean salatu du labea itzaltzeko erabakia. Sindikatuak azaldu duenez, labearen jarduera eteteak, "itzulezin" egingo luke enpresaren itxiera eta segurtasun arazoak ere ekarriko lituzke.

Guardianeko eta inguruetako langileak fabrika atarian elkarretaratuta. Aiaraldeko Ernai

"Gaur zer gertatuko den ez dakigu, hemen komunikatu bat bakarrik daukagu, eta labea hozteak ekarri dezakeena zeinek ezagutzen duen bertoko langileak dira", azaldu du Mikel Etxeberria ELA Industriako ordezkariak elkarretaratzea egiten ari diren bitartean.

Greba, ostegunetik aurrera

Jauregik asteartean egindako adierazpenek haserrea sortu dute langileen artean: "Langileei eskatzen diegu labea itzaltzeko prozesuan lagundu dezatela", esan du Industria sailburuak, horrela labeari kalte gutxiago egin eta inbertitzaile berriak erakartzea errazagoa izango delakoan.

Jauregik asteartean egindako adierazpenek haserrea sortu dute langileen artean: "Langileei eskatzen diegu labea itzaltzeko prozesuan lagundu dezatela", esan du Industria sailburuak

Fabrikako langile ororentzat golpe gogorra da gau eta egun etengabe piztuta izan duten, eta zaintzen eta lanean aritu diren labea hoztu eta itzaltzea, are gogorragoa horretan lagundu behar izatea. Baina hala ere Guardianeko langileak ez daude etsitzeko eta ostegunetik aurrera greba mugagabea hasiko dutela iragarri dute.